Salvat Monho Isturitzen jaiotako euspoeta izan zen. Bereak dira ia berrehun urte dituzten ondoko lerroak: “Denboraren balioa ez daiteke estima. Zerua da prezioa ixtant bakotxarena. Denbora iragaiten da ximista bat bezala. Gure bizia badoa nihork ez daki nola,….”

Bai, denbora arinegi iragaten da, eta ia konturatzeke beste urte bat xahutu dugu. Bertantxe dago 2023 urte honetako amaiera. Askotan, horrelako uneetan zer-nolako urtea izan den hausnartzeko beta hartzen dugu, bizi izandakoari errepasoa egiteko, eta munduan gertatu diren lazeriez jabetzeko.

Itotzen ari den urte honetan, aurreko urteetako egoera distopikoan murgilarazi gintuen Covid-19 pandemiaren azken arnasak ikusi genituen. Munduko Osasun Erakundeak behintzat, amaiera eman zion osasun-larrialdi globalari, nahiz eta gaur egun, birus horrek gure artean segitzen duen. Aurreko urtean hasitako Ukrainako inbasioak jarraipena izan du aurten ere. Errusiak eskala handiko interbentzio militarrarekin segitzen du tematurik, eta ez dirudi konponbiderik etorriko denik. Halarik ere, bigarren plano batera iragan da gerra hori, Israel burutzen ari den genozidioak protagonismoa izugarria (izugarria da hitz egokiena) hartu baitu.

Dena dela, munduko bazter askotan badira beste gerrate batzuk, krisi politiko batzuek eztandarazi dituztenak, batez ere Afrikako nazio askotan, baina ez omen dute interesik. Gizakien arteko istiluek ez dute amaierarik izango zoritxarrez, ez eta naturaren kontrako erasoek ere. Mundua gero eta larritasun handiagoko egoeran murgiltzen ari da. Aurten aipagarriak izan ziren Freddy edo Daniel zikloi suntsitzaileak, adibidez, Libian triskantza harrigarria eragin zuena. Ezin ditugu ahaztu bestelako hondamendi natural katastrofikoak, lurrikarak, adibidez. Maroko, Turkia, Siria eta Afganistan astindu zituztenak itzelak izan ziren.

Urtea Dubaiko COP28 klima goi-bilerarekin amaitu da, non herrialdeek erregai fosiletarantz trantsizioa egiteko adostasuna lortu zen. Konferentziaren 30 urteko historian mota honetako lehen akordioa izan da hori. Itxaropenik, bai?