Dena da diferente guretako bakoitzarentzat. Batentzat eguraldi ona dena, bestearentzat eguraldi eskasa den moduan, bizitzako beste eremu guztietan ere hala gertatzen da. Horregatik batzuetan entzuten dudanean norbait, adibidez lantokian, esaten, irribarretsu: azkenik, ostirala! iruditzen zait agian ez dutela denek poz hori sentitzen, eta besteak bezalakoak ez direla sentitzeagatik arraro xamarrak direla sinistu dezaketela. Batzuentzat asteburua familiarekin egoteko unea edo lagunekin gozatzeko momentua den moduan, beste batzuentzat desertu bat bilakatzen da. Bai, badago astelehena heltzeko gogoz dagoen jende asko, bere bizitza pertsonalean arazoak dituztelako edo hutsune handi bat, astean zehar laneko gorabeherekin edota lankideekin hartzen dituzten kafeekin betetzen saiatzen direna. Batzuen lagunik onenak, edo bakarrak, lantokikoak dira. Beraz, azkenik ostirala! horretan ez da mundu guztia sartzen, nahiz eta guk askotan hala dela sinetsi. Berdin oporrekin. Abuztua izan daiteke infernu bat.

Bakoitzak oso modu diferentean bizi ditu eguneroko egoerak, horregatik komunitate edo talde baten inguruan hartu behar direnean erabakiak, berdin zait errepide bat egin behar denean edo kultur ekintza bat antolatu, kontuan izan behar dira jendearen errealitate ezberdinak. Gure adina, gure harremanak, gure jatorria, gure egoera ekonomikoa, gure sexua, gure hizkuntza, gure egoera fisikoa… Kontuan izan behar da denak ez garela berdinak, erabakiak ezin dira gizaki neutro edo estandar batentzat hartu. Pertsona ezberdinak gara eta behar eta baldintza diferenteak ditugu. Pentsa, ze ezberdin garen, pelikula berdina ikusi ondoren, edo liburu bera irakurri ondoren, bakoitzak gauza ezberdinak ulertu eta sentitzen ditugu. Bizitzan gertatu zaigun guztiarekin betetako motxila soinean irakurtzen dugulako liburu hori edo ikusten dugulako film hori. Bakoitzaren begirada eta mundua bakarra delako. Azken finean, gutariko bakoitza bakarra delako.