Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Rikardo Arregi

Irudimena

EZ naiz inoiz irudimenaren aurka egon, aitzitik, irudimena miretsi izan dut, agian beti iruditu zaidalako ni gutxirekin jaio nintzela. Norberaren baitan aurkitzen ez diren bertuteak ederresteko joera ulergarria da. Baina irudimenarekiko mesfidantza hasi zitzaidan apurka-apurka batzuk manifestazioetan, adibidez, zerbait irudimentsua asmatu behar zela esaten hasi zirenean: gero eta jende gutxiago zetorrela, gero eta isilagoak zirela eta irudimena lanean jarri behar genuela. Ondorioa batukaden segida izan zen, jendea isilik mantentzeko bide berri bat. Lanean ere norbaitek zerbaiti irudimentsu adjektiboa ipintzen zionenean, berehala ulertu nuen irudimena proposatzen zuenak ase gelditzen zela proposamen hutsarekin eta besteok lan gehiago izango genuela, besterik ez.

Azken egunotan irakurri dut Feijóo jaunaren proposamena, bi urteko gobernua eta hori, irudimentsua zela. Benetan? Niri koalizo handi light batera ere iristen ez den burutazio ganorabakoa iruditu zait, denbora irabazteko ere balio ez duena, baina irudimenaren soinekoaz jantzita zerbait serioago bezala saldu nahi dute.

Urkullu lehendakariaren azken proposamena, konbentzio konstituzionalarena, irudimentsua dela entzun diot norbaiti. Benetan? Noizbehinka lehendakariak egiten dituen ateraldi bihurri eta korapilatsu horietako bat gehiago iruditu zait niri, inora joango ez den erretorika hutsala, ez bada ikasturte politikoa nolabait inauguratu eta hedabideetan ateratzeko.

Nolanahi ere, Puigdemont jaunaren inguruan gertatzen ari dena ulertzeko irudimena nahitaezkoa da, eta irudimena baino askoz gehiago. Nork esango luke Euskal Herrian eta Espainian, eskuin eta ezker (ezker espainiar, bereziki), irainen zerrenda luzeena merezi izan duen gorpu politiko horrek, gaiztakeriatan ETA bera ere txiki-txiki utzi duen zitalen artean zitalenak, iheslari doilor horrek Yolanda Díaz beti irribarretsuaren bisita eta ohoreak izango zituenik? Nik, esan dut hasieran, ez dut irudimen nahikorik, baina sobera ditut umorea eta barre egiteko gogoa.