Urbana Bujanda Garcíaz ari ginen. Hamaika urte barru guda zibila, krudelkeri latzaren lekuko. Fortunato hila jadanik, bere emaztea, Igeldoko baserri bateko alaba Luisa Sarasola baita ere. Sei seme alabak umezurtz. Eta guda. Desastrea. Osaba Benito eta osaba Gerardo, Saseta Batailoian sartu ziren, Aita Inosen bezala, “Beti Aurrera” Konpainian, metrailadore sailean. Eta alderantziz, horrela da bizitza, osaba Paulino faxisten alde jarri zen, frankistekin bat egin zuen, Benta Berriko Suchard lantegiko gerentea zelarik. Familia hautsita beraz, apurtuta. Zorionez, Fortunatok eta Luisak, senar emazteak ez zuten ikusi egoera tragiko hau, ez. Benito hila Peña Lemonan faxisten aurka. Aita Inosen eta Gerardo osaba preso Santoñan, ondoren Dueso eta Puerto de Santa Maria kartzeletan urte multzoak. Laster batean Bigarren Guda Mundiala, lazgarria benetan. Miloika hilak. Hitlerren erokeri basatiaren hasieraren hasiera. Alemanak Iparraldean. Eta… “Tia Urbana” desagertu egin zen. Bai. Desagertu. Arrastorik ez. Ezer ez. Gaur arte. Jakingo ote zuen “Tia Urbanak” bere ama Luisa eta aita Fortunato zenduak zeudela? Jakingo ote zuen “Tia Urbanak” bere hiru iloba neskak, Luixi, Paki eta Txaro, “niñas de la guerra” gisa erbestean zirela? Jakingo ote zuen “Tia Urbanak” bere iloba zaharrena Benito hil zela faxisten aurkako borrokan Peña Lemonan? Jakingo ote zuen “Tia Urbanak” bere beste bi ilobak, Inosen eta Gerardo, preso kartzelan zeudela? Historia guztiz gogorra(k). Goian bego Urbana Bujanda Garcia, Praixku Bujanda, (Nafarroako Abartzuza herriko Karlista goi-mailako militar sutsu ohia) eta Alodia Garcia Errioxakoaren alaba gogorraren alaba (“no me hableís en vascuen que no os entiendo”). Zauden lekuan zaudela “Tia Urbana”, bi muxu laztan Inosen zure iloba hanka bakar haren hiru seme alaben partez, Joxemanuel, Arantxa eta Juanramon. “Tia Urbana”, ez gara, ez, inor zu epaitzeko, bai zutaz gogoratzeko eta maitatzeko. Euskal lurrak eta itsasoak emeki zaindu zaitzatela. Agur sentitua “Tia Urbana”.