ORAINTSUKO bi iruzkin dakarzkit gaur. Lehenak hauxe dio: “Osakidetzako OPE azterketak udarako deitzeak indignazioa eta haserrea eragin ditu, oporrekin hainbat ordezkapen-premia izaten baita urtaro honetan”.
Pentsatzen hasita, udazkenetan eragiten dute bereziki zenbait prozesu birikoek; udaberrietako alergiek ere Osakidetzari lan zama ederra ekartzen diotela esango nuke. Ohiko lan-harremanen barruan adosten dira, bestalde, opor-egutegiak. Eta espero behar da profesionalak prest egotea euren atseden-egunak moldatzeko, premiarik bada, Osakidetzan inoizko OPErik handienetakoa arrazoi sendoa baita. Beraz, kontu horrek sortu omen duten “indignazioa eta haserrea” baretuko direlakoan nago.
Bigarrenak, hau: “Funtsezko galdera da zertarako behar den hezkuntza lege berri bat. Badugu 30 urte dituena, bere ibilbidea du eta inork ez du aldaketarik eskatu, ez behintzak eskola publikoetan dabiltzanek; bakarrik gauza batzuk gehiago garatzea. Beraz, zertarako lege berria?”.
Hezkuntzari atentzioa jartzen dion edonork daki 30 urtetan asko aldatu direla ikas-irakas prozesuei eragiten dizkioten baldintzak, ikasleen profilak, irakasleen prestakuntza-beharrak, ikas-edukiekiko ikuspegia, ikastetxeen hezkuntza-zerbitzuak, hezkuntza sektoreen parte hartzea etabar. Eta kontutan hartu behar da 1993ko Eskola Publikoaren Legeak euskal hezkuntza sistemaren erdiaren jarduna arautzen duela, ingurukoek –Espainiakoak barne– sistema osoari maila goreneko babes juridikoa ematen diotenean.
Euskal ikasle guztiek dute kalitatezko hezkuntza jasotzeko eskubidea, eskola hautatzeko eskubidearekin uztartu behar dena. Berau litzateke arrazoi bikaina lege berriari ateak irekitzeko, aurrekoak nahikotzat hartuko ez balira.
Informazioa eta iritzia bereiztea, norbere usteak arrazoitzea edo baieztapenak datuez laguntzea ez dira soilik kazetarien erantzukizuna. Soka berean goaz ardura publikoak dituztenengandik hasi eta iritzi-emaile apaleneraino. Edozerk ez du balio, ezta ere norbere burua heldutasunez blai azaldu nahiak. l