TELEFONOA gure eskuaren protesi bilakatu da. Jende askok eskuari loturik eramaten du, eman beharreko pausu guztietarako beharrezkoa balitz bezala. Harritzen nau ikusteak korrika egitera ateratzen den jende askok mobila eskuan eramaten duela, edota besoan loturik plastikozko zorrotxo batean sarturik. Badirudi kirola egiteak ez gaituela zarata, estres, laneko kontu edota premiazko informaziorekiko lotura gaixo eta derrigorrezkotik aldentzen eta ateratzen.

Kirola, hain zuzen ere, lasaitasun mota bat topatzeko egiten dugu, inguratzen gaituzten kezkabide guztietatik ihes egiteko tenorea izaten da. Orduan, egoera horiekin lotzen gaituzten tramankulu guztiak etxean utzi behar dira, hala nola, mobila.

Baina egunerokoan ere, turista gisan mundura abiatzen garenean, harrigarria da telefonoak egin behar duen lana. Dena grabatu behar dugu, dena fotografiatu, errealitate hori baieztatu irudi batean, bestela ez dugula esperimentatu ematen du. Eta nola ez, errealitate horretako protagonistak gu geu izango gara, estetika horren figura nabarmenak. Badirudi ikusten ari garena, edota bizi ari garena benetakoagoa izan dadin, gure kameratik pasarazi behar dugula. Gure bizitza argazkiko bizitza da, dena picture delako batean agertu behar da, bestela pentsatuko dugu argazkietan agertzen ez dena nolazpait galdu egiten dugula. Hots, une oro, paisaia oro, ikusten dugun mendi eta ilunabar oro, argazki batean agertzeko sortu da, egin da, gure begien aurretik agertu da, hortaz, argazkitan gorde.

Orain ez goaz munduko bazter ederrak ikustera, orain, geu, mundu bazter horietan egon garela adierazteko abiatzen gara mobilarekin, lehenbailehen gure sare sozialetan ager dadin, gure burua erakuts dezagun, besteek gure aurpegi zoriontsua ikus dezaten. Ez goaz bistarekin munduaz gozatzera, gure burua erakustera baizik. Eta badirudi argazkiak ikustean bertan bizi ez ditugun momentuak goraipatzen ditugula. Ez dugu gauden ingurua bizi edo sentitzen, argazkietan ateratzen dugu, eta hori nahikoa da bertan egon garela adierazteko.

Nartzisismo digitala gure artean dago.