Donostia-Groseko EAJ-PNVko Alderdikidea naiz orain dela 30 urte oso luze. Harro. Euri asko egin du beraz 1996 urtean hartu nuen erabaki sendo ea zindo hartaz. Euria egin du bai, kazkabar eta trumoiren bat ere, baina baita eguzki goxo asko eta ugari ere. Eguzkia nagusi, Lizardik berak eta Orixek ere esan eta idatziko luketen bezala eta Antton Valverdek doinua eta ahotsa: “Izotz ondoko eguzki neguaren pare… eta abar”. Abesti zoragarri eta ziragarria. Harro horretaz beraz. Oso gainera. Ohorea. Erabaki ona!

Tristura izaten da, izaten dut, Alderdikideren batek uzten gaituenean, hiltzen denean esan nahi dut, eta agian beste mundu batetara ihes egiten duenean eternitatearen bila, non eta espazioa eta denbora bat egiten den une horretara hegan doanean hain zuzen. Eta zahartzen ari naizen neurrian, fisikoki esan nahi dut, ez bestez, gero eta ilusio handiagoa egiten dit jende berria ikusteak Batzokian. Alderdikide berri bakoitzak poztasuna sortzen dit. Katea ez dela eten, ezta etengo ere irmoki sinesten duanean. Azken berri hauetako hiruri, gaztea bat, ez hainbeste besteak, bi emakumeak, bat gizona, ba Euge Arrizabalagak, Gipuzku Buru Batzarreko presidenteak, hitzaurrea sinatzen duen “Alderdikideen Gida” eman nien eskutara. Ni neu maixua izango banintz bezala. Harro. Guztiz gogokoa zait aipaturiko hitzaurrea. Behin eta berriro irakurri izan dut. Laburpen bikaina dela deritzot. Bai hitzaurrea, eta baita ere beste guztia, didaktikoa oso, bai, oso. Didaktikoa, esan beharrekoa. Hitza hitz. Esan beharrekoak, argi-garbiak.

Bere eskuzabaltasunari eskertu natzaio, esan diot argitaratzeko asmoak nituela eta. Arazorik ez. Honela dio: “Agur Alderdikide. Poz hartzen dut Eusko Alderdi Jeltzalea aukeratu duzulako. Egon ziur batzen eta mugitzen gaituzten arrazoiek eta sentimenduek zentzua dutela. Motiboarekin gara Alderdikoak: Euskadi da gure Aberria, euskara gure herri hizkuntza; jatorriz eta hala nahirik , herri bakarra osatzen dugu zazpi lurraldetako euskaldunok, eta gure herriak bere buruaren jabe jabe izateko eskubidea defenditzen dugu; askatasuna eta justizia ditugu gure bizikidetzaren oinarri eta ezerk ez du guretzat indarkeria erabiltzea zuritzen, armen indarrez ure herria erasotzen duenarengandik defenditu beharrak izan ezik; herri bat ez da duintasunez beste bat baino gehiago eta ez dugu onartzen herri batek beste bat zapaltzea; halaber, arrazakeriaren aurka gaude eta senidetzat hartzen dugu gure herriaren etorkizuna gurekin batera egin nahi duen oro, nonahitik etorria delarik ere; era berean gure herria zaintzeko konpromisoa dugu, lehenik pertsonak,ahulenei arreta berezia jarriz, hala nola gure ingurunea nahiz kultura eta balio propioak, aurrekoengandik jaso eta ondorengoei uzteko ondarea. Horra zer garen. Ehun urte baino gehiagoko oinarriak etorkizunerantz bultzatzen gaituzte. Adimen artifizialaren aroan abertzaletasunean dirau EAJ-PNVk eta hori da Alderdiaren ondasun politikoa: gure herri bere askatasunerantz bideratzeko giltzarri izatea bake eta demokraziaren bitartez. Honen arte gara guztiok, zu ere bai. Bejondeizula. Merezi du Alderdikide izateak. Ongi etorri eta eutsi horri”. Ongi etorriak beraz Alderdikide berria.

Hitz borobilak, egi berdaderoak. Bete betean ari zaigu Euge. Ondo, Euge!. Eta horrelaxe jarraitzen du aipaturiko dokumentuak, eta honela dio besteren artean besteren artean: “Sustraiak eta etorkizuna dituen Alderdia gara”: Sabino Aranaren derrigorrezko aipua (altxatu egin zen eta euskal nazioa aldarrikatu eta euskal estatu bat eskatu zuen, ea EAJ-PNV sortu zuen 1985. Urteko uztaiaren 31n asmo argi bat bultzatzeko. Gure herriaren askatasuna, Euskadi, gure aberritzat aldarrikatuz. Erabakitzeko eskubideaz ari zitzaigun.

Eta horretan ari gara demokrazian, bakean, giza eskubideetan eta justizian oinarrituz, euskal identitatean errotuz eta beste herriekiko harremanetara irekita. Eta jarraitzen du “Zer gara gu” esparru berri bati ekinaz: Proiektu abertzale, demokratiko eta euskalduna, eta aurrerakoia, komunitate balioen, garapen ekonomikoaren eta kalitatezko enpleguaren sorreraren aldeko apustu garbia egiten duena; ingurunea zaintzea eta klima aldaketaren aurka borrokatzea lehentasuntzat jotzen duena, gizonen eta emakumeen ateko berdintasunaren alde egiten duena. Azken batean, sozialki integratzailea den proiektu bat, EAJren helburu politikoa lortzeko: Euskadi askea, gizon eta emakume askez osatua. Euskadi da, bai, gure Aberria, euskara gure hizkuntza eta hura biziberritzea gure zeregina, ikurrina dugu sinbolo nazionala eta Eusko Abendaren Ereserkia, himnoa. “Gure helburuak” argi eta arbi azaltzen ditu: Euskadi askatzea, Aurrerapena guztiontzat (garapen soziala, ekonomikoa, politikoa eta kulturala), Parte hartze aktiboa (Euskal herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea du), hausnarketa eta berrikuntza (zentzu kritikoz), Erakundeetan Euskadiren eta herritarren alde, Entzute eta ekintza errespetuzkoa, Erantzukizuna eta konpromisoa (gure ordezkariak bideratzen, laguntzen eta zaintze ditu, EAJ-PNVren balio eta helburuekin koherente izan daitezen). Balio eta helburuekin koherente. Ulergarria ez?

“Balioak”, hala nola, Pentsatu, Sentitu, Ekin, Konpromiso politiko sendoa, Ikuspegi humanista eta jasangarria, Komunitatea eta askatasuna, berdintasuna eta lankidetza, Belaunaldien arteko harremana. “Alderdikide gisa” dituen Eskubidez eta Betebeharrez hainbat irizpide ematen ditu, logikoak eta naturalak: Prestakuntza eta garapena, Entzutea eta arreta, Parte hartzea, Aukeratzea eta Aukeratua izate, Zure eskubideak defendatzea, Adierazpen askatasuna, Arauekiko konpromisoa, Diziplina eta helburu komunak, Proiektua bultzatzea, Parte hartzea, Erantzukizunak hartzea, Barne bizitza, Ekarpen ekonomikoa, Boto arduratsua, Euskararekiko konpromisoa, Gardentasun pertsonala. Eta azken mezua Alderdikideari, mezu hurbila eta goxoa benetan: “EAJ-PNV alderdikideek osatutako familia bat da. Familia abertzalea gara, gure Alderdiaren oinarria gureganatu eta abertzaletasuna errealitatean probatzen duena. Gure Herriaren kausak deitzen eta batzen gaitu. 130 urte baino gehiagoan, milaka alderdikidek beren onena eman dute egitasmo politiko, sozial eta kultural honen alde. Ertzaintza, Osakidetza, Hezkuntza sistema, Euskal Unibertsitatea, Eusko Jaurlaritza, Eusko Legebiltzarra, Kontzertu ekonimikoa, Gernikako Autonomi Estatutua, Euskal Irrati Telebista bere osotasunean , Euskal Telebista, Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta abar eta abar. Orain zu ere, zure konpromisoarekin, historia honen kate-begi eta bere orainaren eta geroaren parte bizia zara”. Badu Alderdikide berriak zer irakurri eta zertan gogoetan murgildu. Prestakuntza da etorkizuna, hori bai eragingarria izatea biharko egunean. Gaurko egoera ongi irakurtzeko ahalmena landu, beti ere argi luzeak jarriaz.

Eta zergatik ez bertsoren bat, laburpe hurbil eta atsegin gisa? “Bide luzeak gaitu egn bidelagun, Euskadik abertzale, euskarak Euskalki. Gure gazte indarrak bat egin ditzagun, gizarte bat hobea eraiki dezagun-Giza eskubideak ditugu oinarri, egunero aztergai, goizero aldarri. Lehena sustrai eta geroa egarri, ez diogu bizkarrik emango elkarri--Gizon-emakumeok berdinak izaki, badugu zer eraitsi eta zer eraiki. Elkarrekin egina poliki-poliki guztion onerako izango da beti-Lurra da izakion altxor paregabe, guztion etxe eta guztion ondare. Arriskuan ikusten dugu hala ere, gutxi batzuen esku, diruaren mende-Herri eskubideak ditugu gidari, geure burujabetza lorpen xuxurlari, miresmena diogu askatasunari, arbasoen amestu zuten geroari-Bide luzeak gaitu honaino ekarri. Urratsez urrats goaz, mugarriz mugarri, lehena sustraia eta geroa egarri. Ez diogu bizkarrik emango elkarri.” Honaino irakurri eta os gustukoa izan dudana.

Ongi etorri Alderdikide berri guztiei. Zuen esanetara. Amaitzera noa, sinestun dut etorkizunean, sinestun dut kate luzea dela geurea. Sinesten dut esaldi honetan: “Izan zirelako gara, eta garelako, eta nahi dugulako, izango dira”. Kate begiak gara. Kate oso oso luze baten kate begiak. Bai. Bai, zuoi, odol eta haize berrioi, Ana, Migel Angel, Maite. Bejondeizuela zuoi. Zorionak bene-benetan Euzko Alderdi Jeltzalea aukeratzeagatik. Lortuko dugu. Ez dugu etsiko, ez dugu eskubiderik etsitzeko. Belaunaldi berriak dira geure erronka eta helburu. Izan zirelako gara, eta garelako eta nahi dugulako, izango dira. Bedi bada beraz irakurle estimatua.