Denbora luzea, luzeegia hartu du Espainiako Gobernuko buruak ustelkeria kasuen inguruabarrean azalpenak emateko. Ematen du denbora irabazi nahian ari dela, gaiak bestelako hari muturrak izan ditzakeelako eta ez dakielako auzia noraino irits daitekeen. Nolanahi ere den, gardentasuna ardatz, kontua azken muturreraino argitzea, erantzukizun pertsonalak zein alderdi mailakoak zuritzea ezinbestekoa ez ezik, premia bizikoa ere bada. Ingurumari horretan, ustelkeria kasuen larritasuna lausotzeko, haizagailua piztea ez da estrategia ona, nire ustez. Eredugarritasuna hil ala bizikoa da, herritarrek herri erakundeekiko eta sistema demokratikoarekiko atxikimenduari hel diezaioten eta ezker-eskuineko mezu populisten sareetan eror ez daitezen. Ezen, azken horiek demokraziaren oinarrizko habeak ez baitituzte onesten, bestelakoak esaten dituzten arren.

Ez du merezi agonia premiarik gabe luzatzea, ez eta legegintzaldiaren amaiera arte itxarotea ere. Erreakzioa behar da, bizkorra, ausarta eta eragingarria. Ezin da eskandalu batek aurrekoa estali arte iraun, erabakiak hartu behar dira, denbora aprobetxatzea ezinbestekoa delako, sistemaren hobe beharrez eta gobernatzera iritsi nahi dutenak gizenduko ez badira. Testuinguru horretan, harridura eragiten dute 78ko erregimena eta ustelkeria lo-tzera datozen adierazpenak, besteak beste, ustez orbainik gabe daudela iradokitzen dutenak baitute zer argitu eta zer azaldu, tartean, urteetan estortsioaren bidez lortutako diruak zertan erabili diren, zelako negozioetan eta egituren bidez zuritu diren eta abar.

Gobernu batek ezin du iraun ustezko alternatibaren txorimaloa erabilita. Ekimena behar da, aurrekontuak behar dira eta adostasuna landu behar da gobernu hori sostengatzen duten alderdien artean. Mementoko adabakiekin mementoko botazioak irabaztea badagoelako, ez besterik. Nago gobernua sostengatzen duten alderdi guztiek ondo pentsatu behar dituztela kontuak, agintaldiari berrekiteko, berrindartzeko borondaterik ez badago agoniak mendean hartuko dituelako.

Eskuineko eta eskuin muturreko alderdietatik inboluzioa sumatzen da mezuetan, jarreretan zein bestelakoetan. Aniztasuna, zeinahi dela, ezabatzeko agenda dago abian, eta horrek eragin latza izango du herritarren eskubideetan, hiztun-elkarte gutxiagotuen aitortzan, nazioen autogobernu eta emantzipazio prozesuetan. Itzartu beharra dago, alderdien interesen gainetik, itxurakerien zein hegemoniaren inguruko borroken azpitik.