Zein zaila den ezkerrekoa eta koherentea izatea hilabete bukaerara zailtasunez heltzen direnentzat. Geroz eta ahalmen ekonomiko eskasagoa, berdin ezkerrekoa izateko aukera gehiago, berdin koherentea izateko posibilitate gutxiago. Bale, argumentu ahul samarra izan daiteke, baina Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen dutenek bidezko merkataritzan erosten dutela uste al duzue? Hala ere, koherente izateko posibilitate horretan ere, askotan, aukeraketa egiteko parada dagoela uste dut. Iaz Guatemalara egindako bidaian ikusi nuen argitasunez. Ibilbide luze batean zehar, gure tokiko shuttle gidariak 15 eguneko lanaldiak zituela azaldu zuen, tartean hiru eguneko atsedenak txandakatzeko eskubidearekin. Esklabotzat definitzen zuen bere jarduera inoiz igaro dudan errepiderik malkartsuenetik gida-tzen zuen bitartean. Ez zitzaion arrazoirik falta. Berehala, herrialdeko klase politikoaren kontrako alegatu sutsua egin zuen, politikariek konplitzen ez dituzten promesak egiten dituztela argudiatuz. Zuzena iruditu zitzaidan bere ikuspuntua, azken finean desengainu sentipen hori ezaguna zaigu Atlantikoaren beste aldean. Baina etenaldia McDonald's baten aurrean egitea erabaki zuenean, eta, osterari berriz ekin genionean multinazionalaren edalontzia leihotik bota zuenean, bide ertzera jaurtitzen ari zena bere koherentzia zela iruditu zitzaidan. Eta lehentxeago piztu zidan sinpatia klima tropikalak barreiatzen zuen beroarekin batera lurrundu zela aitortzen dut.

aaraluzea@deia.eus