Pandemia honen erredunaren/erantzulearen bilaketan Txina ari da irabazten, mendebaldean gutxienez. Trump estatubatuarra hasi zen birus txinatarraz mintzatzen, eta orain Frantzia edo Erresuma Batua, ez hain basatiki, hasi dira iradokitzen Txinak koronabirusari buruz eman zuen bertsioa ez dela guztiz zehatza. Erraza da pagaburu bezala Txina hartzea: estatu (gureak baino) autoritarioagoa, ohitura bitxikoak (saguzahar zopa jaten dute), arlo ekonomikoan lehiakorregia (merkeago egiten zituzten maskarak) eta, aurreko guztia arrunkerien bilduma iruditu bazaizue, laborategiak dituzte birusekin gauzak egiteko (eta, aspertzen bazarete, hor duzue atea zabalik mota guztietako konspirazioetarako).

Pandemia honen erredunaren/erantzulearen bilaketan bada beste teoria bat: gu guztiok gara errudunak/erantzuleak, guzti-guztiok, Bill Gates-ekin hasi eta Gasteizen janaria banatzen lan egiten duen azken prekarioarekin buka. Guztiok gara gaizkileak, gu gara birusa, gu gara maltzurrak, hiltzea ere mereziko genuke hain gaiztoak izateagatik. Bertsio asko du teoria horrek eta jarraitzaile asko. Autogorroto ariketa izugarria iruditu zait beti, eta arras kristaua, berriro ere.