Azkenean, heldu da eguna. Amaitu da 2025-26 denporaldia eta horregaz batera Athletic zale guztion sufrimentua. Hamabigarren amaitu izana -jaisteko postuetatik hiru puntura bakarrik- mingarria bezain arriskutsua izan arren, taldeak zelaian partidu askotan erakutsi dauen ezintasuna izan da konturik gogorrena. Eta behin baino gehiagotan esan doten moduan, gatxa da ulertzen zelan jaitsi daiteken hainbeste talde baten errendimentua urte batetik bestera. Ulergatxa izan arren, gertatu egin da eta Athleticek aurten izan dauen gainbeherak ikaratzera eroan gaitu. Halandabe, denporaldia makala izanda be -azken herena batez be- ez neuke esango, orokorrean aztertuta, desastre bat izan danik. Taldea duintasunez lehiatu da Txapeldunen Ligan eta kopako finalaurrekoa jokatu dau. Realaren aurkako kanporaketea galdu ostean jausi da talde zuri-gorria.
Denporaldia amaituta, balorazinoak egiteko ordua heldu da, eta irakurri eta entzun dotenaren arabera, pentsa lei lehia baten antzekoa dagoala ia nork egiten dauen kritikarik odoltsuena. Neure uste apalean, garbi daukat zein izan dan zuri-gorrien errendimentu eskasaren iturri nagusia: taldeko izar nagusi bien ekarpena -arrazoi ezbardinekaitik eta lesinoak tarteko- makala baino makalagoa izan dala. Nico Williamsek eta Oihan Sancetek ez deutsoe ia ezer emon aurten Athletici eta taldearen erasoko jokoak asko igarri dau hareen hutsunea. Horregaz batera, ezin esan, Berenguer, Iñaki Williams eta enparauak askoz hobeto ibili diranik. Edozelan be, Nico Williams eta Oihan Sanceten ekarpena gitxienez erdi mailakoa izan balitz, taldeak hamar punto gehiagogaz amaituko eban denporaldia.
Zelai erdiari jagokonez, gauzak ez ziran ondo hasi Beñat Prados lesionatu egin zan-eta. Hortik aurrera, Valverdek hiru jokalari bakarrik euki ditu erdialdeko postu biak beteteko: Jauregizar, Ruiz de Galarreta eta Rego. Gerenabarrena eta Canales, bitartean, Racingen eta Castellon jokatzen, eta bikain ganera. Garbi dago futbol zuzendaritzearen kudeaketea ez dala zuzena izan. Ea autokritikarik entzuten dogun. Ez dot uste.
Taldearen gainbeherearen alderik ulergatxena atzealdean gertatu da. Izan be, Athleticek 58 gol jaso ditu 2025-26 liga txapelketako hogeta hamazortzi partiduetan, aurrekoan baino 29 gol gehiago. Valverdek zein jokalariek behin baino gehiagotan autortu daben lez, aurkariak ezer gitxi behar izan dau Unai Simonen atea zulatzeko. Esan beharrik ez dago garaipenak eskuratzea gatxagoa dala ia partidu guztietan golen bat jasota.
Eta azkenik, oinarri arrazional edo objektiborik bako kontuetan sartuta, futbolean gauzak okertzen hasten diranean, inork ez daki ondo zergatik baina arteztu beharrean, gehiago okertzen dira, edur bolea ikaragarri handia bilakatu arte. Dinamika kontuak dira. Itaundu bestela Espanyoleri edota Osasunari. Hortxe dago Gironaren kasua. Aurreko denporaldian Txapeldunen Ligan jokatzetik bigarren mailara jaistera igaro da. Futbolean horrelako gauzak gertatu egiten dira. Egia da, Athleticek ligako bosgarren aurrekonturik handiena daukala eta teorian sailkapeneko goialdean egon beharko litzatekeela beti. Errealidadeak, baina, bestelakoa esaten deusku.
Amaitu da denporaldia eta horregaz batera Valverderen ibilbidea Athleticen. Entrenatzailea, baina, ez da taldea itxiko dauen bakarra. Jon Aspiazuk eta Luis Prietok be ez dabe segiduko. Ixil ixilik, zatarik egin barik joango dira. Eskerrik asko biei.