Arnasa hartzeko garaipenak
Denporaldiaren une erabakigarrira heldu gara. Hamalau jardunaldi geratzen dira liga txapelketea amaitzeko eta Athleticek orain arte jokatutako partiduetan erakutsitakoa pozik egoteko modukoa ez bada be, Valverdek zuzentzen dauen ekipoak zabalik ditu ate guztiak. Kopan be, aukerak ditu finalean sartzeko, final aurrekoetako joaneko norgehiagokan makal aritu arren. Denporaldiaren ganeko balorazinoa egiteko orduan, ezin dogu ahaztu Txapeldunen Ligan zuri-gorriek azken jardunaldira arte bizirik mantendu ebezala hurrengo kanporaketan sartzeko aukerak, Bergamon garaipen gogoangarria lortu ostean. Ligan, argi gorri guztiak biztu ziran Sanchez Pizjuanen galdu ostean, aurretik emaitza txar ugari kateatuta, sailkapeneko azken hiru postuetako amildegira hurreratu zan-eta Valverderen ekipoa. Gauzak holan, set-ball bi jokatu ditu Athleticek azken jardunaldi bietan, eta, zorionez, biak irabazi ditu. Joko bikaina egin barik, bai, baina Levante eta Oviedo menderatuta. Halan edo holan, zuri-gorriek ihes egin dabe jaisteko postuetara hurreratzeak dakarren ansiedadearen atzaparretatik. Ez da gitxi.
Kopa txapelketea aitatuta esan beharrik ez dago, Valverderen taldeak txarto ekin deutsola Realaren aurkako kanporaketeari. Eta ez dinot galdu egin ebalako joaneko partiduan. Kontua da, zuri-gorriek itxura oso makala emon ebela Katedralean. Menderatuta eta ezinean ibili ziran zuri-urdinen aurkako lehietan, kopan zein egun batzuk lehenago ligako jardunaldian. Halandabe, baikor nago Anoetako partidura begira. Hirugarren norgehiagoka izango da Matarazzoren taldearen aurka eta ezinezkoa da aurreko bietan baino makalago aritzea. Bergamon edota Mestallan egindako balentria errepikau behar dabe. Esan beharrik be ez dago denporaldiko partidurik garrantzitsuena izango dala martxoaren 4koa Donostian, eta joanekoan jasotako desilusinoaren ostean, zuri-gorriek aukera ederra daukie ukabilkada gogor bat joteko mahai ganean. Kopako finala dago jokoan.
Ulertzeko gatxa da zelako itxuraldaketea euki dauen Athleticek aurreko denporaldiagaz alderatuta. Igaz aurkarientzat oso gatxa zan Unai Simonen atea zulatzea. Aurten, barriz, edozein talde -gauza gitxi eginda ganera- da kapaz zuri-gorrien defentsea gainditu eta gola sartzeko, San Mamesen zein handik kanpo. Edozelan be, Athletic egiten dabilen denporaldi gora-beheratsuak izen propio bi ditu: Nico Williams eta Oihan Sancet. Jokalari bi honeek dira taldeko izarrak, burditik tiretu behar dabenak, baina bata zein bestea oso urrun dago aurreko urtean emondako errendimendutik. Atzo bertan jakin genduan, Valverdek erabagi bat hartu dauela Williams anai txikiaren ganean. Ez dau orain arte lez jarraitu gura eta jokalariak ez dau parte hartuko hurrengo partiduetan, tratamendu berezi bat egin deioen pubisean dituen arazoak konpontzeko. Sancetegaz aurten gertatu dana be ez da erreza ulertzeko. Izan be ez da normala hainbeste lesino eukitea bata bestearen atzetik. Holan, oso gatxa da sasoi betean jokatzea. Beste alde batetik, Valverdek arazo larriak izan ditu atzealde zein erdialdeko lerroak osatzeko, lesinoak eta zigorrak dirala-eta. Bien bitartean, zuri-gorri gazte bi, Canales eta Gerenabarrena, lan bikaina egiten dabilz bigarren mailako sailkapeneko goialdeko taldeetan. Ez neuke esango kirol zuzendaritzaren kudeaketea zuzena eta egokia izan danik. Hori bai, ez dogu autokritikarik entzungo.
