Síguenos en redes sociales:

Brankaganetik kikuke

Gatza eta piperra Kontxarako

En imágenes: Zierbena demuestra que Orio no es invenciblePedro Martínez

20

ASTEGOIENAK barri onak itxi deuskuz arraun munduan. Labur esateko, barri onak dira, liga bietako liderrek, traineru indartsuenak dirala erakutsi dabenek, Oriok eta Arraun Lagunakek, ezin izan dabelako garaipena eskuratu Zierbena eta Tolosaldea nagusi izan diralako. Galipoen eta donostiarren garaipenek erakutsi dabe liderrak ez dirala garaituezinak, denporaldiaren tarte luzeetan irudi hori emon badabe be. Halandabe, Arraun Lagunakek merezimendu osoz irabazi dau Euskotren Ligea hirugarren urtez jarraian eta Oriok be ondo bideratuta dauka garaipena Eusko Label Ligan. Ekipo indartsuenak dira eta erregularrenak.

Gatza eta piperra Kontxarako

Ligak alde batera itxi eta Kontxako banderako lehiak datoz datorren astetik aurrera. Hogei estropadako liga luze baten oso gatxa, edo ezinezkoa da, Oriolako talde indartsu bati aurrea hartzea. Dani Perez, Zierbenako entrenatzaileak argi eta garbi esan dau ligea ez dala euren helburua, estropada jakinetan erpekadak emotea baino. Hiru bider menderatu dau Zierbenak Orio liderra: Pasaiako erlojupekoan, Lekeition bigarren txandea irabazita eta domekan Getarian. Hau da, azken jardunaldira arte galipoek ezin izan deutsoe aurrea hartu horiei txanda baten aurrez aurre eta alkarren alboan arituta. Eta Aitor Lazkano patroiak estropadea irabazi ostean nabarmendu eban lez, Getarian lortutako garaipenak paparra puztu behar deutse galipoei Kontxako banderara begira.

Donostiako estropadak bereziak dira. Ez da bat, hiru baino, sailkatzekotik hasita. Ontziek luze bi eta ziaboga bakarra bete behar dabez. Horregaz batera, itsasoaren eta haizearen arabera, alde nabarmenak egon daitekez kaleen artean. Ondorioz, Kontxan ez dau beti onenak irabazten, gehienetan holan izaten bada be. Donostiako lehiaren berezitasunekaz jarraituta, arraunlariek estropada bakarra egiten dabe iraileko lehen astegoien bietan, denporaldi osoan zapatu eta domekan lehiatzen ibili ostean. Hau da, Kontxan ez dago bezperako nekerik. Eta azkenik, arraun taldeetako entrenatzaileek eurek uste daben hamalauko indartsuena ontziratu ahal izango dabe, Eusko Label Ligan indarrean dagozan kupoak alde batera itxita. Osagarri honeek guztiak lapiko baten sartu ezkero, aurtengo Kontxako banderea oso erakargarri datorrela esan geinke.

Aitortu behar dot datorren asterako eguraldiaren iragarpenei begiratzen hasita nagoala, Kontxarako sailkatzeko estropada bietan eta lehen jardunaldian egon daitekeen aroaren ganeko lehen zantzuak jasoteko. Antza, itsasoa bizi ibiliko da sailkatzeko estropadetan eta baretu egingo da lehen jardunaldirako. Halandabe, ordu asko falta dira iragarpenei sinesgarritasun handia emoteko. Eskatzekotan, eguraldi berdea eskatuko neuke, aurtengo udan jokatutako estropada ia guztietan itsaso barea euki ostean. Ondo pentsauta, Kontxan aurten olatuak nagusi izan ezkero ez dau esan gura Orio menderatzeko aukerak ugaritu egingo lirateenik, horiek traineruaren popaganean Kantauriko Messi daukiela kontuan izanda. Hondino gogoan daukat –eta zuetariko askok be bai– 2017ko irailaren 10ean Gorka Aranberrik eskeinitako erakustaldia Kontxako banderaren bigarren jardunaldiko estropadaren bigarren zatian, popadan. Zarauztarrak surfeatu egin ebazan olatu guztiak Oriok aspaldiko urteetan Donostian lortu dauen garaipen bakarraren bila.

Ez dakit zer gertatutako dan aurtengo Kontxan –Oriok irabazita dauka ligea– eta faborito nagusia traineru horia bada be, arraunzaleontzat polita izango litzateke Zierbenak, Donostiarrak, Bermeok edota Getariak arriskuan ipintea Iker Zabalaren taldearen nagusitasuna. Donostiako badian edozer gertatu daiteke.

Suerterik onena Portugaleterentzat datorren astegoienean jokatuko dauen KAE-1 ligara igoteko play offerako.