Jon Uriarte, Athleticeko presidentea eta Mikel Gonzalez, futbol arloko zuzendari nagusia agertu barri dira Lezaman denporaldi hasieraren ganeko balorazinoa egin eta talde nagusi bien helburuak jakinarazoteko. Agerraldi luzea gauza gitxi esateko. Aurreko denporaldietan lez, Ernesto Valverderen taldearen helburu nagusia Europarako sailkatzea izango da. Benetan ez dot uler-tzen zertan laguntzen deutson taldeari, urtero, denporaldiaren hasieran, helburua eta ia betebeharra Europan sartzea dala esateak.

Lehen taldean izandako aldaketak be sakon aztertu ebazan Mikel Gonzalezek. Djalo, Gorosabel eta Nuñez fitxatu ditue plantilea indartzeko, gitxienez berrogeta zortzi partidu izango dituen denporaldi gogorrari aurre egiteko. Gaur gaurkoz, ezin esan hiru jokalari horreek lekua daukienik zuri-gorrien hasierako hamaikakoan. Maila oneko jokalariak izan arren, ez dabe protagonismo berezirik izango Valverderen taldean. Beraz, igazko mimenakaz egin beharko dogu aurten be otzarea.

Nico Williams berbabide izan zan uda guztian eta Athletic zaleon ahotan dabil orain be, Atletico de Madriden aurkako partiduaren ostean egin ebazan adierazpenak dirala-eta. Izan be, mutilak lau bider esan eban beste urte bete egin gura ebala Athleticen, bertotik urteteko eskaintza ugari jaso arren. Kontua da, Williams gazteak hiru urteko kontratua sinatu ebala Athleticegaz eta bere berbak entzunda pentsa lei garbi daukala ez dala Bilbon egongo 2027ra arte. Jon Uriarte presidenteak ez deutso garrantzi handirik emon gura izan jokalariak esandakoari eta lasai dagoala dino. Ez neuke esango, baina, Athletic zaleak lasai dagozanik. Itxaron daigun Nico Williamsen bertsinorik onena ikustea denporaldi honetan eta gero gerokoak. Orain arte behintzat ez dogu ikusi gauza handirik egiten. Antza, orain jokalari gehiago dagoz bere ganean. Ez gaitezen atxaki merkeak ipinten hasi.

Ernesto Valverderen taldeak egin dauen liga hasieraren ganean be egin dabe berba presidenteak eta futbol arloko zuzendari nagusiak. Oso lasai dagoz, konfiantza handia daukielako taldearengan. Horretan eurekaz bat nator neu be. Lau punto baino ez dauz lortu Athleticek lau partidutan. Norgehiagoka horreetan gertatutakoa aztertuta, beste puntu bat izatea merezi izan dabe zuri-gorriek, Atletico de Madridi luzapenean oparitutakoa hain zuzen be.

Ernesto Valverderen taldeak hoberantz egin dau ligea hasi zanetik. Partidu benetan motza jokatu eban etxean Getaferen aurka eta gauza gitxi egin eban Montjuicen, urtero galtzen dauen partiduan. Valentziaren aurka ondo merezidutako garaipena lortu ostean, zuri-gorriak ez ziran Atletico menderatzeko gauza izan, partidu serioa egin arren. Ez da erraza horrelako aurkari bati irabaztea. Alde positiboen artean, nabarmen-tzekoa da Oihan Sanceten liga hasiera ona. Nafarra jokalari garrantzitsua da oso Athleticen eta maila ona emoten hasi da. Erasorako egiturako beste kide batzuk, ostera, desagertuta dagoz: Guruzeta, Djalo eta Nico Williamsek gauza gitxi egin dabe lehen lau partidu honeetan. Mikel Jauregizar da liga hasierako protagonistetako bat. Valverdek hasierako hamaikakoan ipini eban Valentziaren aurka eta bermeotarraren erantzuna bikaina izan zan. Atletico de Madriden aurka be minutu onak jokatu ebazan. Gizon garrantzitsua izan daitekeela esan dau Valverdek. Zorionez, atzealdeko lerroa sendotu egin da liga hasieran makal ibili ondoren. Eta azkenik, orain arte San Mamesen jokatutako hiru partiduetan garbi geratu da zaleria oso ilusionatuta dagoala taldeagaz. Izan be, Katedrala ia beteta egon zan Getafe, Valentzia eta Atleticoren aurkako norgehiagokatan. l