Korrika ez da bakarrik kilometroak egitea; bihotzak elkarrekin taupaka jartzea da. Urte luzez bizi izan dut, baina aurten badu zerbait berezia nire barruan. Batukadan jotzeko aukera izan dut Korrikaren erritmoak bidea markatzen zuen bitartean, eta une horietan berriro ulertu dut zergatik den hau hain handia. Gure batukada taldean Perutik etorritako neska bat dugu, eta Korrika gure aurretik pasa zenean bere begiek dena esan zuten. Hunkituta, negarrez, esan zidan ezin zuela sinetsi jendeak zer egiten duen hizkuntza bat defendatzeko. Kanpotik datorren norbaitek gure sentimendua hain argi ulertu eta sentitzen duela ikusteak barrua astindu dit. Momentu horretan konturatu nintzen euskara ez dela gurea bakarrik; partekatzen dugun zerbait dela. Denok dakigu Korrikaren helburua euskara bultzatzea eta ikusaraztea dela, eta gizartea horren erabileraz kontzientziatzeko egiten da. Hala ere, batzuek politizatzeko joera izan dute eta hori ez zait egokia iruditzen, are gutxiago haurrak erabiltzen direnean, lasterketaren benetako zentzua lausotu egiten baita. Dena den, eta honi protagonismo gehiago eman nahi ez diodanez merezi ez duelako, sentimenduarekin geratu nahi dut. Iritsi gara helmugara eta aurten Bilbon amaituko da. Barrez, musikaz eta euskaraz beteko da hiria. Eta nik badakit Korrika amaitzen denean ez dela ezer amaitzen: festa hasten da. Goza dezagun, dantza dezagun, eta jarrai dezagun elkarrekin taupaka, Bilboko kaleetan barrena, euskararen aldeko bihotz kolektibo honetan.
- Multimedia
- Servicios
- Participación