Froga honek gaitegi bateratu xamar bati heltzeko bidea ematen die hezkuntza sail desberdinei. Baina gero, egia esatera, erkidego bakoitzak bere erara molda ditzake hainbat aspektu, gutxi gorabehera. Denok geunden Espainiako Historia ikastera behartuak baina aurten, adibidez, hutsuneak betetzeko ariketa bat jarri zieten Murtzian Al-andalusen inguruan, Gipuzkoan Bigarren Errepublikari buruz galdetzen zuten bitartean. Zortzi folio idatzi zituela zioen batek teleberrin, kantitatea eta kalitatearen arteko harreman eskasaz ohartu gabe oraindik.
Ez diot konponbiderik bilatuko azterketa hauen aferari testu honetan, baina agian, unibertsitate, edo hobe esanda, fakultate bakoitzak bere froga diseinatuko balu, bere behar eta ikasketa programei egokituta, finago ibiliko ginateke. Cadiz-eko konstituzioaren berri izatea ongi dago, baina akaso Orreagako gudua irakatsiz, gertutasun hutsagatik baldin bada ere, ikasleak gusturago hartuko du gaia. Euskara ikasgaiko froga bera ere agian moldatu beharko litzateke. Euskal Autonomia Erkidegoan askorentzat ama, edo amaorde, hizkuntza izanda, Ingleseko frogarenn zailtasunaren pare izateak ez du laguntzen hizkuntzari prestigioa ematen. Nafarroan konplikatuxeagoa dela badakit, eta behingoagatik, zailagoa izateak zentzua baduela onartu beharrean nago.
Argi dago frogaren formatuak ez duela laguntzen ikastolan ikasitako edukiak barneratu dituzula erakusten. Eta argi daukat ere ikastolaren funtzioa ez dela soilik edukiak barneratzearaztea. Eskoletatik pertsona osoak ateratzea da helburua, baina pertsona oso horiek hobe dute USEa ondo gainditu, gurasoen laudorio eskasak agudo bihurtuko baitira kritika. Nire umetxoak hau, nire umetxoak beste... nota baxuen errua inolaz ere ez baita sofan potrozgora, edo aluzgora, mugikorraren bateria xahutzearen ondorio. Egongo da beste arrazoiren bat.
Gaindituz gero etorkizuna aukeratzera, hortxe tranpa. Ikasketak aukeratzea etorkizuna sinatzea balitz bezala. Nahiko lukete askok. Ingeniari izateko ikasi eta irakaskuntzan amaitu, Kimika ikasten hasi, nazkatu eta Filosofiari ekin. Goi mailako zikloa hasi eta bukatu, oraindik lanerako gogorik ez duzula kontura-tzean, beste zerbait ikastea pentsatu. Pisu gehiegi jartzen dugu oraindik aukeraketa horretan, eta bizitza, zorionez, dezente malguagoa da.
Ikasle bizitza erdia USErako presiopean joaten da, urtero da albistegai, eta urtero atsekabe iturri. Helmuga gisa aurkezten zaigu derrigor gainditu beharreko harresi hau, krokodiloz jositako putzuz inguratua, eta Port Aventurako dekoratua bezalakoa dela konturatzerako, dagoeneko galbahetik pasatuak gara. Bizitzaren arrabola.