Pentsatuko duzuen moduen, kalibre horretako erantzuna gure anekdota liburuan gorde dugu urteetan zehar, eta beste zenbait perlekin batera tarteka mahai gainera ateratzen dugu tarteka, garai zaharren oroitzapen gozo horien kutxatik berreskuratuz. Mozarten helburuez ez naiz gogoratzen, eta konpositorea bera azterketako gaia ote zen ere ez egia esan, baina istorioa ez zait berehalakoan ahaztu, eta atzo bertan, testu bat irakurtzen ari nintzela, berriz bururatu zitzaidan.
Irakurritako testuak, edo zitak, hobeki esanda, planteatzen zuen bizitzan ea zergatik izan behar genuen helburu bat, ez ote den nahikoa polita gauzak zoriz eta pixkanaka gauzak deskubritzen joatea, nolabaiteko helburu zehatz bat izan gabe. Ez dakit barruan daramagun moral kristaua ote den, zoriontasunaren bilaketaren ala bizitzari zentzua topatu nahiaren barne borroka hori, baina badirudi helmugarik ezean bideak ez daukala zentzurik. Leitmotiv-ik gabe, biderik ere ez. Norabiderik gabe pasioan ibiltzea gauza ederra da ordea, eta helmuga zehatzeko bideak ez dute maiz ingurua ezagutzen uzten. Lasterketetan erabiltzen dituzten zaldi horiek bezala, betaurreko berezi batzuk jarri eta soilik aurrera begiratzea ote da jomuga bat izatearen albokaltea. Zaldiak ez al du merezi inguruko zaleen zirraraz ohar-tzea, edo animaliazaleen protestaz jabetzea? Ez al du horrek bere bidea aberastuko?
Bai, baiezko borobila. Autolaguntza liburuek gomendatuko digute helburuak izan behar direla, eta egiazki lagunduko digute martxan jarri eta aurrera egiten. Baina bidegurutzeren batean iparra galdu eta pelegrinaziotik desbideratzea gauza ederra da ere, eta bidea jasangarriagoa egiten lagunduko digu gainera.. Motxila bete, eta aldi berean arinagoa bihurtuko du. Mozart aurkitze bidean, Pokemon guztiak lortu.