Osasun ziztada pribilegiatua

31.01.2021 | 00:58
Osasun ziztada pribilegiatua

Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren inkesta baten arabera, irailean poblazioaren %20a baino ez zegoen txertoa jartzeko prest. Azken galdeketan, ordea, bihar bertan inokulatuko liratekeenen portzentaia %60ra igo da. Ez dut uste aldakuntza komunikabideek azken hilabeteotan txertoaren alde egin dugun lan pedagogikoaren emaitza denik. Izan ere, pribilegiatu gutxi batzuek lor dezaketena desiratzea oso gizatiarra da; bigarren –edo hirugarren– etxebizitza Marbellan, seme-alabak unibertsitate hoberenean matrikulatzeko ahalmena edota astebururo Michelin izarrak dituen jatetxeetan aritzeko aukera, esaterako. Alabaina, kasu honetan, diruaz erosi ezin daitekeen txertoak postu garrantzitsua lortu du desira-objektu bezala. Dagoeneko osasunaren promesa inplizitua daraman ziztada jaso dutenak bi taldetan banatzen dira: batetik, adineko pertsonentzako egoitza-zentroetan dauden erabiltzaileak zein langileak, eta, bestetik, eritasunetik babesteko, birusa ez zegokienean eskuratu duten erakundeetako ordezkariak. Azken hauen artean ez du merezi izen-abizenik aipatzea, kolore guztietako politikoak baitaude saltsan. Argi dago zein den posizio boteretsuaz baliatuta txertoa jartzeko pribilegio eskuratu duen taldea, eta, horrek, gizartearen baitan txertoa jartzeko nahiaren joeran eragina izan du. Orain, gutizia aseezina erakutsi dutenekin galdutako esperantza egoitzetako erabiltzaileengan positibo gehiago ez antzematean jartzea bakarrik geratzen zaigu.

aaraluzea@deia.eus

Blogs de Deia
Foros Deia
noticias de deia