Ander Arzelus Toledo, 1898-08-15ean, Donostian jaio zen. Bere aita Andrés, Arana Goiritar Sabinen hasierako jarraitzaileetakoa zen, Ander kristau eta abertzaletasun giro hartan jaio zen. Ama Naxari Toledo, biok donostiarrak. Amabi senideren artean bera zen zaharrena. Merkataritza Ikasketak Marianistetan egin zituen 16 urte arte. Etxean hainbeste umerekin ez zuten ekonomikoki garai ona, naiz eta bere gogoa ingeniaritza ikasketak egitea izan, Donostiako Kutxan hasi behar izan zuen lanean eta bere soldata garrantzizkoa izan zen sendiarentzat. Bertan jardun zuen 1936an guda hasi zen arte. 1923-01-26an, Amalia Arrietarekin ezkondu zen eta lau seme-alaba izan zituzten: Amale, Itziar, Ander eta lñaki.
Idazle, euskaltzale Luzear gazte zela, beste gazte abertzale batzuekin biltzen zen eta Euskadiren eta euskararen aldeko lanetan hasia zen. Euzko Gaztedik eta GBBek argitaratutako ‘Gipuzkoarra’ aldizkarian lehenengotako idazlanak argitaratu zituen. 1920an, esaterako, politikan emakumeek ere parte hartu behar zutela defenditu zuen sutsuki.
Egunkari bat euskaraz egiteko asmoarekin lanean aritu zen baina proiektuak ez zuen aurrera egin, haatik, euskal aldizkariaren ideia ‘Argia’ asterokoarekin gauzatu zuten 1921ean. ‘Argia’ren fundatzaileetako bat izan zen, Zatarain, Leizaola, Mujika, Garitaonaindia, Inzagaray eta Carrerakin batera. Bertan Euskalerriko berriak kudeatu zuen. Zutabe-idazle aurrekaria izan zen Luzear; hor daude erreportajeak: Lizarrako bilera politikoa, Ama Birjina Ezkion agertu dela, Olerti Eguna, Antzerki Eguna edo Txirritaren omenaldia dela, han dago Luzear gehienetan bere kontu joanda, ikusi duenaren kontakizuna egiten; eta hor daude antzerkitxo laburrak, ipuintxoak eta abar berak sortutakoak edo beste hizkuntza batetik berak egokitutakoak. Adibidez, Charles Dickensen Eguarri abestia itzuli eta ‘El Día’ egunkarian zatika argitaratua 1931an.
Hasieran isilka, 1926an Elgoibarren, gero Mutrikun eta Arrasaten ‘Euskaltzaleak’ erakundea erne nahirik zebiltzan, Zumarragan eta Andoainen Euskel-Egun gartsuak ospatu ondoren, azkenez Zumaian jarri ziran 1930ean elkarte onen oinarriak. Tartean ziran Lizardi, Urreta, Luzear ta besteak. Lizardi izan zen lehenengo buru, M. Urreta hurrengo urtean. 1934an Telesforo Monzon izendatu zuten lehendakari. Alde berean Euskal idazleak izeneko batzorderako, Ander Arzelus Luzear eta P. Teletxea aukeratu zituzten.
1927tik aurrera ‘Txistu’, haurrentzako aldizkaria komikiz eta ipuinez betea, ‘Argia’rekin batera banatua izan zen, lehenengo alea 1927an argitaratu zen. 1929an, Garitaonaindia zenduta, bera ‘Argia’ko zuzendaria izan zen garai labur batean, segidan 1930an ‘El Día’ egunkarian euskal orriaren arduraduna izendatuta, bere ahaleginak, gehienbat, euskal idazleak animatu, lanean jarri eta bertan argitaratzea izan zen, bere idazlanak ere argitaratu ohi zituen.
Politikari Ordurarte, militante politikoa baino gehiago euskararen aldeko borrokalari sutsua izan zen baina 1930an eman zuen izena EAJ alderdian. Hain zuzen ere, diktadura osoan barrena bananduta egon ziren alderdiko bi sektoreak, Comunión eta Aberri, atzera bildu ziren urtean, bera Aberri aldekoa izan zen beti. Afiliatu zenean konpromezu osoz, buru-belarri, egin zuen, eta 1935ean GBBko kide egin zuten Zumarragan.
1936ko irailean, Donostia erortzear, Ander Arzelus, J. A. Agirre, F. Basterretxea eta J. Ajuriagerrarekin batera, hegazkina hartu eta Madrila egin zuten, nahiko bidaia arriskutsua, Burgosen matxinatuen gainetik pasatu behar izan zutenez. Madrilen, Largo Caballeroren gobernuarekin negoziatu zuten Euskal Estatutua. Urriaren 7an eratu zen Eusko Jaurlaritza, Gernikan. Arzelus bertan zen.
Irratian Bada Luzearen artikulu bat 1931ko irailean ‘El Pueblo Vasco’n, urte haietako euskaltzaletasunaren egitekoa laburtzen duena, honela zion: IRUDIPEN ZOROAK. “Antzokia! (Teatroa). Irudibiltegia!! (Zinea). Irratizkiña!!! (Radioa). A zer iru lagun, gure zabalkunderako! Ta irurok, gure deiaren zai-zai bezela dauzkagunak. Jakiña, gauza guzitarako bezela, diru apur bat bear. Ta diru apur ori, duanaren eskutatik ezpadator…”(sic).
Hiru zutabe horiek ikusten ditu beharrezkoen, egunkariarenaz gain, euskaltzaletasuna zabaltzeko. Antzerkian aurrera egin zuten, Zineman huts egin zuten, zezakeenak ez baitzuen eskurik zabaldu, baina irratigintzan lortu zuten “irudipen zoro” hori Aurrera ateratzea: 1932an Radio San Sebastianen, J. Zubimendirekin asteazkenero, ordubeteko euskal irratsaioa antolatu zuten. Amalek honela zion: “Oso irratsaio politak eta atseginak izaten ziran. Inguruko herrietatik etortzen ziran eta abestu eta abar egiten zuten”.
Luzearrek eratutakoetan, askotan bere alaba Amale izaten zen aurkezle. Euskal irakasbidea ere prestatu zuen irratirako eta ematen hasi ere. Irratsaioak 100dik gora izan ziren, baina 1934ean gobernuak debekatu zituen, naiz eta euskal-kulturatzaz izan, “nazionalisten” propaganda zela ta…
Poxpoliñak Amalek zion: “Leengo Kursaal-en azpian, Labordatar Ramón apaizak, beste batzuen laguntzaz noski, Luzear eta Elbira Zipitria besteak beste, aurrak biltzeko sortu zuen Poxpoliñak erakundea. An biltzen zan aur pilla! Euskaraz abestu, itz egin, baita dantza ere ikasten genuen, dio Amalek; guzia jolasen bidez. Antzeztokia ere ba zan eta antzerki saioak izaten ziran bertan” (sic). Besteak beste, “Neskamearen marmarrak” izeneko bakarhizketa idatzi zuen Luzearrek, bere alabak antzezteko. Bakarrizketa oso polita eta barregarria zela zion Amalek.
“Bernaiñoren larriyak”, “Kirtenen gauzak”, “Exkonberri-ameslari” ere badira idazle donostiarrak garai hartan idatzitako antzezlan batzuek. 1929an ‘Gibelaundi’ elkarrizketa, hau argitaratua. 1934an enkargu bat hartu zuen. ‘El libro de oro de la Patria’ izeneko liburu berezirako artikulu bat idaztea. Bere idazlana Euzkadi, agur! izenburupean. 1935an, Beñat Estornes Lasaren ‘Historia Vasca’ euskaratu zuen Euskal-edestia izenburupean.
Bere sendia, emaztea eta 4 seme-alabak, Donostia erortzear zela, Zarautza egin zuten aita non zebilen jakin gabe. Ander Madrildik itzuli zenean, Bilbon bukatu zuten. Han egon ziren Bilbo frankistak menperatu arte. Bilbon, ‘Eguna’, lehenengo euskal egunkariaren sorreran aritu zen, baita Bilbo Irratian euskal saioak antolatzen, bere bi alabek, Amalek eta Itziarrek ere parte hartu zuten. Egunero Euskal Gobernuaren boletina euskarara itzultzen zuen.
Frankistak Bilbo suntsitzear, sendiak La Habana itsasontzian Iparraldera ihes egin zuten. Bera, alderdiko buru batzuek eta gudariekin, Santander aldera. Santoñako hitzarmenaren ondorioz, preso jausi zen. Lehendabizi El Dueso penalean. Handik Bilboko Larrinaga espetxera eta bertatik Burgosko Prisión Centralera; 5 urte t’erdi egin zituen espetxetan, haietatik bi bat heriotza zigorpean.
Garai hartan ere bere euskarekiko lanetan jarraitu zuen, El Dueson, kartzela kideen animoak berotzeko, Luzearrek eta S. Rada musikari bilbotarrak, espetxeratuen ereserkia konposatu zuten. Burgosen, euskara erakusteko metodoak egin zituen, haietako bat Amale, bere alabak erabili izan zuen helduentzat eman ohi zituen ikastarotan 1990era arte. Antzezlanak ere, Kilkir-Abestia, Gonagorritxo eta Marakatxarra, hauek Lucarini kartzelakide anarkistaren marrazki ederrekin osatuta. Opera bat ere, Kilkir-Abestia, (Dickensen The Cricket on the Hearthetik); musika, Bilbotar F. Bengoarena. Hiru ekitaldiko drama Dirugosea antzerkia ere.
Abestiak: E. Errazkinen musika, F. Martiarenaren harmonizazioa eta Anderren letrarekin: Maitetxo, Nere emazteari, Ene Aberria! eta Maitasuna izenburupean. Espetxeko orfeoirako ere idatzi zituen. Espetxetik irtenda, atzerriratua izan zen eta Madrilen bizi izan ziren urte t’erdi inguru. Han ere alderdiko lanetan haritu zen bere lagun Joseba Rezolarekin batera.
1945ean, Donostiratu ondoren, isilpean noski, Donostialdeko EAJko arduraduna izendatua izan zen. Bere euskararekiko lanetan jarraitu zuen ere, gazteak biltzen eta antzerki talde bat antolatu zuen, bere alaba Amale bertan zela. Bere ekintzak ez ziren hain erosoak beti, egun batean bere lagun Rezola, Madrilen atxilotu ondoren, Irunera zeramatela trenez eta askatzen saiatu behar zutela, horretarako ihestea antolatu zuten: Rezola zekarkieten trenean, Hernaniko geltokian mozkor bat sartu zen, balantzaka zeharkatu zuen bagoia, Joseba Rezolak ezagutu du adiskidea, Luzear da. Donostiako Norteko estaziora iritsi baino lehen Ander bertsotan hasi eta Rezolari adierazi zion trena geratu baino lehen bagoitik salto egin behar zutela, biok batera, erresistentziako kideak zain zeuzkatela kanpoan. Oso bizkor gertatu zen ihesa, Donostian gordeta egon zen Joseba Ziburura ihesi arte.
Hau gertatu zenetik Poliziak bertatik jarraitu zuen. Beraz, azkenik, ihes egin behar izan zuen berak ere. Polizia San Jeronimo kaleko bere etxera joan zenean, Ander, etxe gaineko teilatutik ondoko etxera pasatu eta gau osoa Portu kaleko auzokide batzuen balkoian pasa ondoren, egunsentian ihes egin zuen. Donostian isilpean ezkutaturik jarraitu zuen denboraldi bat eta 1946 bukaera aldera, iparraldera pasa zen, han ia hiru urte egin zituen, Donibanen eta Baionan. EBBko lehendakari ordea izan zen garai hartan, han bere lagun Joseba Rezolarekin, ixilpeko Euzkadi Irratiko zuzendaria eta euskal irratsaioen arduraduna izan zen. Bere idazlanetan jarraitu zuen eta ‘Alderdi’ aldizkariko kontseiluan egon zen, ‘Euzko Deya’ aldizkarian hainbat artikulu idatzi zituen.
1949-08-27an, 51 urte bete berri zituela, Baionan, Beiris-eko Ville Antoinette-n zendu zen. Luzear hil zenaren berria arin hedatu zen donostiarren artean, eta frankistek, beren aldetik, abertzale honen ehorzketa eta hiletak oztopatzeko planak egin zituzten. Familiakoak Irungo Santiagoko zubitik zerraldoa zekarren autoa Donostiako hilerriraino lagundu zuten. Hilerrian, poliziek, ez zuten gorpua ehorzten utzi, lurperatzea biharamunean egingo zela esanaz. Haatik, goizez familiartekoak hilerrira bertaratu zirenean, goizeko 7ak aldera ehortzita izan zela jakin zuten, lekuko bakarrak poliziak, lurperatzaileak eta hauek aukeratutako apaiza izan zirelarik.
Santa Mariako elizan hiletak goizeko 10etan prestatu bazuten ere, erretore jaunak hileta goizeko 8,30tan egingo zela adierazi zion familiari, gobernadoreen aginduz. Hau jakinda, familiak Radio San Sebastianera deitu zuen, hiletaren ordu aldaketaren berri emanzezaten eskatuz. Anjel Molina irratiko zuzendariak, Luzear oso ezaguna zuenez, familiaren eskea onartu eta hileten ordu-aldaketaren berri eman zuen irratiz. Onen ondorioa Molina jaunari hamar mila peztako isuna izan zen gobernadorearen aldetik.
Asko izan ziren goizeko 8,30tan Santa Mariara bildu ziren lagunak. Gainera, familiak beste hileta bat antolatu zuen, goizeko 11etan, Karmeldarren elizan. Anderren semeek eta suhiak, Santa Mariara 10etan irixten zirenak Karmeldarrenera bideratzen zituzten, eta era honetan, hileta bakar baten ordez bi izan zituen azkenik Luzearek, euskal kazetarion aitzindaririk nagusienetakoak.
Idazlea: Jonan Zinkunegi Arzelus
1951-02-12an Donostian jaio zen, ‘Luzear’ren biloba. Delineatzaile eta argazkilaria. Idazlea ez izan arren, bere bi aitonen eta amaren jardueraren bildumak landu eta argitaratu ditu.