BILBO. Euskalgym Gimnasia Erritmikoko Nazioarteko Galaren zortzigarren edizioa egingo da Bilbao Arenan larunbat honetan, azaroaren 9an. Olinpiadetan dominaren bat irabazi duten gimnasta batzuk eta munduko eta Europako txapeldunak egongo dira ekitaldian.
Nazioarteko ordezkari nagusia, gaur egun Nazioarteko Federazioko sailkapeneko lehena eta munduko txapelduna den Yana Kudryavtseva izango da. Halaber, Margarita Mamun eta beste gimnasta handi batzuk ere izango dira Bilbon, gimnasia erritmikoan garrantzia handia duten herrialdeetatik etorritakoak alegia, besteak beste, Alemaniatik, Azerbaijanetik, Bielorrusiatik, Bulgariatik, Espainiatik, Israeletik, Errumaniatik, Errusiatik eta Ukrainatik.
Euskalgymeko beste une garrantzitsu bat Espainiako selekzioko boskote titularraren presentzia izango da. Talde espainiarrak taldekako urrezko domina irabazi du mazoen ariketan Kieven (Ukraina) egin den azken Munduko Txapelketan.
Gainera, gimnasia akrobatikoan aritzen diren Mariana Ribeiro, Rita Martins eta Catarina Magalhaes portugaldarrak, munduko txapelketetan eta Munduko Kopan sarituak, Bilbao Arenan egongo dira, Ortzi Acostarekin batera; Acosta gimnasia artistikoko Espainiako bederatzi titulu ditu eta 1.500tik gora emanaldi eskainiko ditu Cirque du Soleil taldearekin akrobaziak egiten. Gimnasta espainiarrak ikuskizun ikusgarria eskainiko du, gimnasia eta zirkua nahastuz.
Euskalgymaren zortzigarren edizio honetako izarrekin batera euskal taldeak arituko dira tapiz gainean, hau da, Ipurua Eibar, Donostia eta Izar Leku talde gipuzkoarrek, Beti Aurrera Vitoria arabarrak eta Sakoneta Leioa bizkaitarrak, Paula Gomez gimnasta arabarrarekin eta Saioa Agirre bizkaitarrarekin batera.
Gimnasia Erritmikoaren Nazioarteko Gala Gimnasiako Euskal Federazioaren ekimena da, eta Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Laboral Kutxa dira laguntzaileak.