Errebantxa hartuta, Txaber Altube finalera sailkatu da
Kantatu zuten sei bertsolarietatik bostek lortu zuten atzo Bilboko azken saio handirako txartela
Markina-Xemeingo Uni frontoira errebantxa gogoz heldu zen Txaber Altube. Jokatu zuen lehenengo Bizkaiko Txapelketan han amaitu zitzaion bidea, eta atzo arantzatxoa atera zuen, eta nola, gainera: bertsotan bikain eginda saioa irabazi zuen eta, horri esker, finalean sartu da. 638,5 puntu eman zizkioten epaileek, egia da beste saio batzuetan puntuazio altuaxeagoak egon direna, baina, hala ere, gozagarri joan zen azken finalaurrekoa, ariketa batzuen eta besteen artean gorabeherak egon arren.
Altuberekin batera, atzoko saioan aritu ziren beste lau ere finaleko zortzikotearen parte izango dira. Jone Uria sendo aritu zen eta 630,5 punturekin bigarren izan zen. Oihana Bartra hirugarrenak (620) jakin zuen iluntze gorabeheratsuari neurria hartzen. Ohi baino pixka bat zalantzatiago agertu ziren Gorka Pagonabarraga eta Xabat Galletebeitia (bakoitzak 614 puntu), baina hauek ere Bilbon izango dira finalean abenduaren 20an. Aldiz, kanpoan geratu da Imanol Uria (594), lehenengo itzuliko sentsazio bikainei ezin izan baitzien eutsi.
Zortziko handian irudimentsu aritu ziren Pagonabarraga eta Altube, gaiari ertzak aurkitzen. Zortziko txikian, aldiz, saioa lehertzerik ez zuten lortu bertsolariek, baina ateraldi politak entzun ziren. Esate baterako, Imanol Uria eta Xabat Galletebeitia taxi berean sartu ziren, bakoitza ate batetik. “Ni Kasillara noa, ta zu nora zoaz?”, bota zuen lekeitiarrak, finaleko hitzordua gogoan, baina algortarrak eutsi: “Joan zaitez Lekittora, ta joan zaitez oinez”. Orain Benidormen elkarrekin topo egin duten aspaldiko lagun abenturazaleen azalean, Bartrak eta Altubek ere ideia politak atera zituzten.
Bakarkako lanak
Sei puntuko motzeko ariketetan, Francoren aldekoek jarritako gurutzea botatzea izan zuten aipagai Bartrak eta Pagonabarragak. “Jendeak edo herriak / hartu ditzagun neurriak / ez daitezela gehiegi harrotu faxista berriak”, abestu zuen Pagonabarragak. Gogo onez hartu zuen publikoak, era berean, Imanol Uriaren eta Txaber Altuberen lana. Biak herriko merkatari txikiak izanik, Black Fridayko deskontuak egitea erabaki zuen Altubek, eta Uriak ez. Algortarrak botatako arrazoiei indartsu erantzun zien Altubek, argumentu truke eredugarrian: batetik, “ostiral beltz bat nahiago nuke, bizi beltz bat baino”; bestetik, “mundu berrian ezin da bizi balore zaharretan”.
Bakarkako lanarekin amaitu zituzten arratsaldeko lan puntuagarriak. Hauxe izan zuten gaia: “Musu bi emateko hurreratu zaizu; atzera egin duzu”. Kantatzen lehena Jone Uria izan zen, eta langa goian utzi zuen. Musua ematera etorri zitzaionaren maltzurkeria lehenengo bertsoan agertu zuen: “Behin erasotu gintuen eta berak ondo daki”. Hirugarren alea, ostera, hala biribildu zuen: “Eta nahiz ta ez sentitu hala super errebelde / zaplasteko bat ematen ausartu naiz, alafede! / hala berak ulertu du, baita inguruak ere”. Ondoren, hogei urte lehenago bullying-a egiten ziotenei aurre egin zien Imanol Uriak.
Txalotuena
Gorka Pagonabarragak, aldiz, guztiz aldatu zuen testuingurua: literatur sari bat irabazi eta sari banaketan alkatea etorri zitzaion, lore sorta eta musu bi emateko, eta hala bota zion: “Gure hizkuntzak gurako balu bizi ta biziberritu / sari txatxuak ta musuak ez, gaztetxeak behar ditu”. Txaber Altubek bere buruaren autokritikaren bidez osatu zuen goitik beherako bertsoaldi ederra. Gaztetxo beltz bati diru pixka bat eman ondoren, hura musu ematera hurbildu eta atzera egin zuen Altubek: “Eta orduan nire barruko arrazistak hitz egin du”, bota zuen aurrena, eta azken bertsoan hala errematatu: “Ohetik jaiki naiz egunero aldatu nahian mundua / ta antza denez nahiko lan daukat aldatzen neure burua”. Saioko bertsoaldirik txalotuena izan zen.
Xabat Galletebeitiak zahar etxean utzi duten agurearen azaletik semeari edo alabari kantatu zion. Zazpi urteko umearen paperari heldu zion, aldiz, Bartrak. Seniden artean musuak nori eman erabakitzea aldarrikatu zuen: “Ta erabakitzeko dut nik gaitasuna / nori emango diodan nire maitasuna”.