Donostia - Bernardo Atxagak amaiera eman zion atzo bere nobelagintzaren ibilbideari Etxeak eta hilobiak izeneko liburuaren aurkezpenarekin. Pamiela argitaletxeak kaleratu duen eleberri hau izango da Atxagaren azkena, izan ere, hemendik aurrera beste narrazio laburrago batzuk landu nahi ditu idazle asteasuarrak.

Mugimendua duen errealitatea islatu nahi izan du Atxagak eleberri honetan eta “bizitza ur hariak harri artean igarotzen diren bezala pasatzen da” metaforaren gainean eraiki du istorioa. “Hori da liburuak biltzen duen ideia poetikoa”, azaldu zuen Atxagak Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egin zen aurkezpenean.

Marcel Prousten madalena edo Tolstoiren kardulatza bezala, Etxeak eta hilobiak idazteko mika bat izan da Atxagaren inspirazio iturri. “Dena mika batek piztu zuen. Txori horrek 40 urte baino gehiago daramatza nire memorian. Madrileko El Pardo kuartelean ezagutu nuen eta harrezkero nire buruan egon da”, adierazi zuen Atxagak. El Pardo kuarteleko txoriak bere inguruan gauza asko jasotzen zituela iruditzen zitzaion idazleari. “Kuartelean jende oso arruntaren artean gerta-tzen diren gauzak jasotzen zituen eta niri jende hori interesatzen zait, tartekoa sentitzen naizelako”, nabarmendu zuen.

Duela lau urte ekin zion Atxagak Etxeak eta hilobiak idazteari, eta zailtasun handiak izan ditu bidean. Hasieran ez zizkion kontakizunari “hegoak” ikusten eta izenburua ere ez da hasieran jarri nahi zuenaren berdina. 2015ean idazten hasi zenean, liburuari Francori cabrón deitu zion soldadua izena jarri zion. 22 orrialde idatzi zituen eta ezin izan zuen kontakizun horrekin aurrera jarraitu. “Hasieran, buruan jotako mika bat bezala erori zen testua”, adierazi zuen.

Bi urteren ostean, berriro ekin zion eleberria idazteari, eta orduan, Pamela izenburua jarri zion. “Ideia honek hego handiagoak zituen eta 44 orrialde idatzi nituen. Baina, berriro ere, mika abaildu egin zen eta ez nion aurrerabiderik ikusten”, azaldu zuen. Azkenean, bere bizilekuan, Arabako lautadan, bizi diren mikek gogorarazi zioten zerbait ida-tzi behar zuela eta zorionez, Atxagak laister lortu zuen bere gustoko bidea aurkitzea.

Behin betikoz Etxeak eta hilobiak izena duen nobela Frantziara frantses ikastaro bat egitera joan eta mututa itzuli zen Elias izeneko nerabeari buruzko kontakizunarekin hasten da. “Kuartelean nengoenean mutututako mutiko bat ezagutu nuen eta mutiko hori, mika bezala, nire baitan geratu zen urterik urte”, esan zuen.

Hortik hasi zen nobela pixkanaka josten eta pertsonaia berriak sor-tzen, 400 orrialdeko eleberri hau osatu arte. Beste protagonista garrantzitsu batzuk ere biltzen ditu eleberriak, esaterako bikiak diren pertsonaia batzuk. “Bikiek kulturaren historian ibilbide handia izan dute. Bereziak dira eta niri, pertsonalki, asko gustatzen zaizkit bikoiztutako pertsona horiek”, azpimarratu zuen.

Eleberria sei ataletan banatuta dago eta gai unibertsalak jorratzen ditu. Kapitulu guztietan urteak eta denboraren joan etorria oso markatuta agertzen dira. “Nire Obabakoak eleberrian ez dago inolako datarik eta ez dakigu noiz gertatzen den. Eleberri honetan, ordea, historian zehar garai haietako egunkaritan agertu ziren gauzak ere badaude eta garaiak kutsatu egiten du atal bakoi-tza”, azpimarratu zuen. Hori da liburu honen ezaugarri nagusia. Atal bakoitza independientea da, baina badaude elkarren arteko loturak ere.

Etxeak eta hilobiak dagoeneko salgai dago liburu-dendetan eta 23 euro balio ditu. Datorren otsailean, Alfaguara argitaletxeak Etxeak eta hilobiaken gaztelaniazko itzulpena kaleratuko du. Aurrerantzean, Atxaga beste narrazio mota batzuk idazten arituko da, formatu txikiagoa baina kalitate maila bera izango dutenak. Sorkuntza berri horien artean, Altsasuko gertaerak literaturara ekartzea gustatuko litzaioke.