Bilbo - Azkuna Zentroa-Alhondiga Bilbaok datozen hiru hilabeteetarako programazio kultural berria aurkeztu zuen atzo goizean. Ekitaldian Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko kultura ordezkaria, Fernando Perez Azkuna Zentroa-Alhondiga Bilbaoko zuzendaria eta Rakel Esparza programazio arduraduna egon ziren. Azken honen aburuz, “artisten proposamenak, begiradak, eta hausnarketak dira kulturaren bitartez esperimentatzeko aukera ematen dutenak”.

Erakusketa programaren abiapuntua kultura garaikidea eta teknologia zimendu dituen Open codes. We are data ikuskizunaren eskutik helduko da. Obra honetan nazioarteko hogei artistak kodeek sortu eta gobernatutako munduaren inguruan hausnartzen dute. Era berean, Jose Ramon Ais eta Lester Alvarezek Artista X Artista (Kuba) programarekin lankidetzan euren Praktika Artistikoen Egonaldietan egindako proiektuen ondorioak azaleratuko dituzte.

Zinema eta ikus-entzunezko arloa programazioaren funtsezko arda-tza da. Azkuna Zentroan hiruhileko honetan ohiko Zinemateka-k jarraituko du indarrean, zinema klasiko zein garaikidearen erreferente bilakatu dena eskaintza komertzial zorrotzetatik at. Honekin batera, Zinema irekia. Etorkizun berria asmatuz zinema garaikideko ziklo berria eramango da aurrera. Azken hau, Open codes. We are data programaren baitan dago, eta aro pos-t-digitalean ematen ari den errealitateari buruzko zikloa da, zientzia fikzio, utopia eta distopia oinarri dituena.

Horrez gain, hurrengo hilabeteotan Bilboko jaialdi nagusienak anparatuko ditu Azkuna Zentroak: Zinebi, Bilboko Udalak antolatutako Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia; Zinexit, Giza Eskubideen Zinema Erakustaldia, eta Zinemakumeak gara!, emakumeek zuzendutako Zinemaren Erakustaldia.

Arte bizien atarian, dantza, performance, musika, soinu eta musika esperimentaleko programazio irmoa garatu da. Hasteko, arte eszenikoen denboraldia etorriko da Matarile Teatroren Daimon y la jodida lógica antzezlanaren eskutik. Horrekin batera, La Tristura konpainiaren Future Lovers aurkeztuko da. Lan honek nerabeen psikologian teknologiak duen menpekotasuna plazaratzen du. Gainera, HIESaren kontrako egunerako, Aimar Perez Gali koreografoak The Touching Community prestatu du, segundo batez geldiarazten gaituzten bihozkadetatik abiatuta sortua.

Musikari dagokionez, Europa Mailan eta Euskadiko artistak Hotsetan programan islatuko dira zenbait en-tzunalditan, hala nola, Jean-Luc Guionnet & Lotus Khouri eta C. Alex McLean & Sarah Rasinesen eskutik. Aipatutakoari, Atariko kontzertuak atxikitu behar zaizkio; ur azpiko kontzertuen denboraldia Le Parody eta Geoff Farinarekin emanaldiekin jarriko da martxan.

Teknologia sailean Haritu, Kultura Digital eta Teknologiako Laborategia izeneko gunea zabalduko da. Edonor hurreratu ahal izango da teknologiaren inguruko ezaguera bultzatzen duen txoko honetara hurreratzeko eta teknologiak probatzeko. Horrez gain, teknologia eta sorkuntzaren arteko harremana aztertzen duen programa egongo da indarrean azarora arte, Culture lab proiektuaren bidez. Bestalde, Azkuna Zentroa, Maker Faire, munduko Teknologia sortzaileen nazioarteko jaialdirik handienaren egoitza izanen da. Jaialdi hau Espacio Open-ek sustatzen du, eta mundu osoan ospatzen da.

Hiruhilekoa Gabonak Arte, Gabonetarako antolatutako programa ludiko-hezigarri eta kulturalarekin amaituko da. Azken honek, esperientzia artistikoak proposatzen ditu haur eta familientzat.