Bi txanda egingo dira

Barakaldok asteazkenean irekiko ditu kanpoko igerilekuak

30.06.2020 | 12:29

BARAKALDO. Bihartik aurrera, asteazkena, uztailaren hasierarekin batera, barakaldarrek herriko kanpoko igerilekuak erabili ahal izango dituzte. Hori bai, edukiera murriztu behar izan da segurtasun neurri guztiak bete ahal izateko. Hala, goizez 787 pertsona sartuko dira 10:30etatik 15:00etara, eta beste 787 lagun arratsaldez, 16:00etatik 20:00etara. Txanda bakoitza amaitu ostean, igerilekuak garbituko dira. Irailaren 30era arte egongo dira zabalik Gorostizako kanpoko igerilekuak. 

Atzo goizean bisitatu zituen Barakaldoko alkate Amaia del Campok Gorostitzako kanpoko igerilekuak, bertatik bertara ikusteko, asteazkenetik ezarriko diren protokoloak eta instalazioen egoera. "Protokolo desberdinak ezarri ditugu, gure herritarrak seguruago sentitu eta instalazioez goza dezaten, betiere zuhurtasunez jokatuz eta prebentzio neurri guztiak aintzat hartuz, birusa kalean baitugu oraindik", adierazi zuen alkateak.

Barakaldo Kirolak-en barakaldokirolak.eus web orrian eskatu beharko da aurretik hitzordua, edo makina saltzaileetan, bestela, bi egun lehenago. Sarrera bakarra gordeko da pertsona bakoitzeko, eguneko eta ordu-tarte bakoitzeko, eta egun eta ordu-tarte berean ezingo da erreserba bat baino gehiago egin. Erreserba hori egin ahal izateko, Barakaldo Kirolak-i gako bat eskatu behar zaio. Gakoa posta elektronikoz bidaliko zaie erabiltzaile guztiei.

SARBIDEA APARKALEKUKO ATETIK

Udalak hainbat prebentzio-neurri ezarri ditu igerilekuen erabilera ahalik eta ordenatuena izan dadin, igerilekurako sarbidea aparkalekuaren ondoko ate urdinetik eginez. Ez da beharrezkoa izango lursaila partzelatzea, haren tamaina handia dela eta, baina irekiera-ordutegian zaintzaileak egongo dira, urruntze soziala errespetatzen dela kontrolatzeko. Gainera, Gorostitzako aldagelak itxita egongo dira, teknikariek gomendatu dutenez, korridoreak estuagoak baitira eta zaila baita urruntze sozialeko neurriak errespetatzen direla ziurtatzea. "Hori dela eta, komun kimikoak jarri ditugu kiroldegi barrura sartu beharrik ez izateko", azaldu du alkateak.

Igerilekuetan ere igeri egiteko kaleak ezarri dira, kale bat joanerako eta beste bat itzulerarako, kalean bi igerilari ez gurutzatzeko. Igerilekuko betaurrekoak erabiltzea gomendatzen da, igerilekuko desinfektatzaile-mailak araudiak baimentzen duen mailarik altuenean mantenduko baitira.

SOLARIUMA ERRABERRITUTA

Azken asteetan, Udalak igerilekuko solariuma hobetzeko obra bat burutu du, hondatuta baitzegoen eta ur-iragazketak eragin baititu. Lanak 97.500 euroko inbertsioa izan du. "Pribilegiatuak gara Barakaldon, horrelako inguru batean igerilekuak ditugulako. Lan handia egin dugu azken asteotan, pandemiaz barreiatu den hilabete hauen ostean gure auzokideek inguru honetaz berriro gozatzeko aukera izan dezaten ", adierazi du alkateak. "Baina zuhurtasunerako deia egin nahi dut: goza dezakegu, baina ezarritako neurriak betez egin behar dugu, jendearteko 2 metroko distantzia errespetatuz eta musukoak erabiliz, ahal ez den guztietan. Ezin dugu ahaztu gertatu den guztia. Birusak gure artean jarraitzen du, beraz, erne egon beharra daukagu", azpimarratu du.