- Atxondoko Udalak pasaden astean Apatako igerilekuetan egindako kalteak salatu ditu. Gertakariak ostiral goizaldean izan ziren eta dirudienez ezezagun batzuek kalteak eragin zituzten udal-instalazioetan. Hala nola, igerilekuko hainbat baldosa apurtuta aurkitu ziren eta objetuak bota zituzten uretara. Gertatutakoa gaitzesteaz gain, udal arduradunek Ertzaintzari abisua eman zioten zaintza indartzeko eta pasaden astean gertaturiko erasoak berriro ez errepikatzeko.

Gertakari horiek alde batera utzita, Atxondoko igerilekua erabiltzaileen erantzun positiboa jasotzen ari da. Izan ere, eta osasun-krisialdi batean murgilduta gauden arren, asko dira hilabete hauetan Atxondoko igerilekuetara joaten direnak. Bertakoak edo inguruko herrietako erabiltzaileak joaten dira eta atxondotarrak ez ezik, Elorrio, Abadiño edota Berrizko lagun taldeak eta familiak ere hurbiltzen dira udako udal-igerilekuetara.

Segurtasunari dagokionez, uztailaren 9an zabaldu zirenetik hainbat neurri hartu dira erabiltzaileen osasuna eta beharrezko segurtasuna bermatzeko helburuarekin. Udal arduradunek azaldu zutenez, aurreko urteetan ez bezala, egungo egoeran igerilekuak irekitzeko baldintzak eta funtzionamendua guztiz ezberdinak izan beharko zuten eta hori dela eta, zerbitzua lizitatzeko prozesua hastea erabaki zuen tokiko administrazioak. Zerbitzua esleitu bezain laster protokolo berria adostu zuen udalak eta besteak beste, seinalizazio-geziak jarri ziren informazio-panelekin, gel hidroalkoholikoaren erabilera derrigorrezkoa da, garbiketa eta desinfekzio lanak areagotu egin dira eta pertsonen arteko segurtasun distantziak mantendu behar dira. Horrela, itxaroteko guneak prestatu ziren eta edukiera ere murriztu egin zen. Berdegunean 250 laguneko gehienezko edukiera dago, eta igerilekuan 100 pertsona egon ahal dira.

Ordutegiari dagokionez, bi ordutegirekin funtzionatzen du eta aurretiko hitzordua izatea beharrezkoa da. Lehenengo txanda goizeko 11.00etatik 15.00etara da eta bigarrena, arratsaldeko 15.30etatik 20.00etara luzatzen da.

Bestalde eta irekieraren lehenengo egunetik, edonork, eta denboraldiko abonoa izan gabe, egun bakar batzuetako erreserba egitea posible du. Horretarako udalak www.atxondokoigerilekua.com web gune berria martxan jarri zuen. Bertan, udako igerilekuetako informazio guztia aurkitu daiteke, jarraitu beharreko araudia eta segurtasun neurriak eta erreserbak egiteko atala daude. Beste kontsulta batzuk egiteko atxondokoigerilekuak@gmail.com helbidea eta 667 867 696 mugikorra ere bideratu dituzte.

Uda guztian zehar igerilekuko arduradunek umeentzako hainbat jarduera antolatu dituzte. Ekintza guztietan segurtasun tarteak eta neurriak mantentzen dira eta adibidez, ur puzgarriak, udako zinea edo joku-jolasen tailerrak osatu eta aurrera eraman dituzte, uztaileko eta abuztuko egun batzuetan txikiek alternatiba ezberdin bat izan dezaten. Zentzu horretan, hurrengo ekimena gaur izango da arratsaldeko 18.30etan Mr. Link Jatorri galdua filmaren proiekzioarekin.

Atxondoko igerilekuen udako denboraldia irailaren 15era arte luzatzea aurreikusita dago eta orduan ere, osasun egoerak posible egiten badu, uda amaierako jaia antolatzen ari direla adierazi zuten arduradunek.