Sestaoko Udalak bost milioi euro baino gehiagoko aurrekontua bideratuko du udal-kiroldegietako itoginak konpontzeko, Sestao Kirolak erakundeak jaso berri duen txosten teknikoa baloratu ondoren.

Txosten tekniko hori pasa den urrian eskatu zen udal-kiroldegietako teilatuetan ur-filtrazioen jatorria ezagutzeko eta halabeharrezko soluzioak baloratzeko behin betiko konpontze aldera.

Itoginak buruhauste errepikakor bihurtu dira azken urteetan bi kirol-instalazio horietan, beraz, gobernu-taldeak lehentasunezkotzat jo du estalkietan jardutea etorkizunean barrualdeak eraberritu baino lehen. Ildo horretatik, bermatu nahi ditu instalazioen segurtasuna eta iraunkortasuna, bai eta udalerriko kirol-jarduera bizia behar bezala garatzen dela ere.

Las Llanaseko kiroldegia

Las Llanaseko kiroldegiaren kasuan, arazoaren jatorria erretenen sisteman kokatzen du txosten teknikoak. Sistema horretan hiru akats nagusi antzeman dira: erretenen malda dela eta, ez da behar bezala kanporatzen ura; hustubide gutxi daude eta erretenak ez dira iragazgaitzak.

Horrez gain, azterlanak gogora ekarri du estalki berria jarri zela jatorrizkoaren gainean 2000. eta 2001. urteetan akats horiek konpondu gabe, beraz, arazoak bere horretan jarraitu du denboran zehar.

Proposatzen da oraingo estalkia kentzea eta berria gauzatzea jatorrizko teilatuaren gainean, erretenen eta hustubideen sistema egokia erantsiz. Hau egiteko gutxi gorabehera 3 milioi euro beharko lirateke, eta lanak egingo lirateke barrutiaren barrualdean ere bai, besteak beste, sabai aizuna aldatzea eta kirol kantxako tronadura berritzea.

La Benedictako kiroldegia

La Benedictako kiroldegian, txostenak dio filtrazioak, batez ere, dauden hiru argi-zulotan gertatzen direla. Polikarbonatoz fabrikatuta daude, eta balio-bizitza —20 bat urte— dagoeneko bukatu da.

Gainera, estalkia berriz iragazgaiztu behar da, eta erretenetan esku hartzea ezinbestekoa da, batzuek adabakiak eta landaretza pilatuta baitituzte. Horrek zailtzen du ura behar bezala kanporatzea.

Jarduketa hau tarteko, polikarbonatoko panelak aldatuko lirateke argi-zuloetan, bai eta teilatua oso-osorik iragazgaiztu eta erretenak konpondu ere. 2,6 milioi inguru behar dira horretarako, boxeo-aretoko sabai aizuna aldatzea barne.

Finantzaketa bilatzea

Jarduketen irismen teknikoa eta ekonomikoa ezagutu ostean, Sestaoko Udala finantzaketa bilatzen hasiko da bi proiektuei aurre egiteko. Xede horrez, beste administrazio batzuekin lankidetzan jardungo da, eta dirulaguntzen eta Europako funtsen hurrengo deialdiak aztertuko dira, bestelako finantzaketa-formulak baztertu gabe, beharrezkoak izanez gero.

Gorka Álvarez Sestaoko alkateak azpimarratu du “jarduketa konplexuak direla, baina, aldi berean, beharrezkoak, eta plangintza eta zorroztasuna eskatzen dutela. Gure helburua da behin betiko konpontzea urte askoz instalazio hauek izan duten arazoa, eta berme guztiekin egitea, kirol-erabileran eta udalerriaren interes orokorrean pentsatuz”.

Bestalde, Borja Ramón Kirol eta Hezkuntza zinegotziak nabarmendu du “kiroldegiak funtsezko eremuak direla Sestaoko eguneroko bizitzan, eta klubek nahiz erabiltzaileek eta, oro har, herritarrek erabiltzen dituztela. Gure helburua da ziurtatzea instalazio horiek duten erabilera intentsiboaren mailan daudela eta kirolariek, erabiltzaileek eta familiek baldintza egokiak eta seguruak dituztela”.

Udalak azpimarratu nahi du jarduketa horiek herriko kirol-instalazioak hobetzeko eta modernizatzeko estrategiaren barruan daudela, eta diagnostiko teknikoan, plangintza arduratsuan eta epe ertainean eta luzean soluzio jasangarriak bilatzean oinarritzen direla.