Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean kantatzea zer den badaki Aitor Bizkarrak, baina aurreko edizioan, 2023koan, huts egin zuen finalaurreetan. Txapela janzteko zortzi hautagaien artean atzera egon ahal izateko, barruan daukan bertsokera dotorea atera zuen finalaurrekoetako lehenengo itzulian, Zeanurin, eta lan bikaina errepikatu zuen atzo Bermeoko Artza frontoian, eta saioa irabazi, 664 punturekin. Gai guztietan ikuspuntu burutsuak topatzeko eta erriman ahalegin berezia egiteko ahaleginak saria ekarri zion abadiñarrari eta, ondorioz, Kasillako oholtzan kantatuko du abenduaren 20ko finalean.

Aitor Etxebarriazarragak ere lan ederra egin zuen Bermeon eta, batutako 641,5 puntuei esker eta lehenengo bueltatik zekartzanak kontuan hartuta, seguru du Bilborako txartela. Hirugarren Onintza Enbeita izan zen, 632rekin, eta litekeena da finalisten artean egotea. Aissa Intxaustik laugarren amaitu zuen, 608rekin, eta Unai Mendiburuk eta Ibai Amillategik puntuetan berdindu zuten, bakoitzak 599,5.

Saioari neurria nork hartuko ote zion galdetu zuen Bizkarrak hasierako agurrean eta, berak behintzat, lehenengo ariketa puntuagarritik agertu zuen gaitasuna. Zortziko Handian, Amillategirekin batera, parke eolikoen inguruko debateari ertz ugari atera zizkion, adibidez, “gure faunaren bizimodua ez da berriztagarria” bota zuenean. Zortziko txikian Etxebarriazarragaren eta Amillategiren artekoak piztu zuen publikoa. Barraka batean buruz behera zintzilik zeudela, ateraldi irudimentsuak izan zituzten biek. “Hemen geratu gara, Mussolini legez / zugaz beti ikusten dut mundua aldrebes”, kantatu zuen Etxebarriazarragak. “Ta gainera atzetik, musika Camela / bitartean musika kendu dezatela”, Amillategik, publikoaren gozamenerako.

Sei puntuko motzean, 20 urte kartzelan igaro eta gero guraso izateko nahia duenaren azalean jarri zen Aitor Bizkarra, Aissa Intxausti kantukideari aholkua eskatzen. “Aldatu nahi dut eskema / haur bat nahiko nuke inoiz kartzelan sartuko ez dena”, adierazi zuen bigarren bertsoan. Publikoak gogoz txalotu zuen ofizio hori. Bere herriari buruz zekizkien kontu guztiak liburu batean batzeko Amillategiren proposamena jaso zuen Enbeitak: “Liburuko orrietan / hasi ezkero kontetan / ez naz izango protagonista afari denetan”, kantatu zuen muxikarrak.

Orain arteko saioetan egon ez den ariketa izan zuten hurrengo, koplaka ofiziotan aritzea. Bizi-bizi joan zen, umorez blai. Esate baterako, Unai Mendiburu astero joaten zen objektu galduen bulegora eta han zegoen beti Ibai Amillategi. Koplaz kopla, istorio barregarria ondu zuten.

Bakarkako lanean, finalaurrekoen bigarren fase honetan, ariketa bakarra dute bertsolariek, hau da, gai bati hiruna bertso botatzea. Bermeon hauxe izan zen Leire Garatxena gai-jartzaileak proposatutakoa: “Platera erdizka utzi duzu; altxatu eta alde egin duzu”. Aitor Etxebarriazarraga izan zen lehenengoa, eta langa goian utzi zuen. Luzaroan ikaskide baten isekak jasan eta gero nahikoa dela esatea erabaki duen ume baten istorioa osatu zuen bertsoz bertso. “Zin egin deutset otoi / bi begi bustioi / naizena erakustera noa guztioi”, amaitu zuen bigarrena, eta hirugarrena, hala: “Lurrerantza bista / platera erdizka / banoa hemendik beti berdin zabiz-ta”.

Aissa Intxaustik, Onintza Enbeitak eta Aitor Bizkarrak familia giroan kokatu zuten euren burua. Aspaldiko partez senideen arteko bazkari batera joan denaren larrutik kantatu zuen lekeitiarrak, eta batzuen betiko komentarioak entzunda, hala biribildu zuen bigarren alea: “Ta arrazismotik bota dituzte hanbat gauza grabe / ni hainbeste aldatu naiz ta eurak berdin-berdin daude”. Enbeitak antzeko egoera irudikatu zuen, baina sarkasmoz bete zituen hiru bertsoak.

Bizkarrak, ostera, aitaren gehiegikeriez nekatuta etxetik alde egitea erabaki duen gaztearen papera hartu zuen, eta goitik beherako bertsoaldi bikaina osatu, hala bukatuta: “Utzi ditzagun hainbeste maina / nora joanik ez dugu baina / joan beharra dugu aidan / ea zerbait o(tu)tzen zaidan”. Paziente gehiegi eta esker on gutxiegi dituen medikuaren ahotik, Amillategi ere fin aritu zen, baita Mendiburu ere, memoria galtzen ari den aitari bisita egin berri: “Izan bihar, izan etzi, ta etzidamu berriro / gauza bera esaten dit ikusten garen aldiro”, bota zuen algortarrak. Honenbestez, 2023an huts egin eta gero, Aitor Bizkarra berriro egongo da Bizkaiko finalean. Orain arte agertu duen mailari eutsiz gero, Bilboko oholtzan zeresana emango duen bertsolarietako bat izango dela dirudi.