Sestaoko adinekoen bi zentroek 585 plaza eskainiko dituzte hastear dagoen ikasturteko tailerretan. Ostiral honetan goizean, Yosune Serapio Conde Gizarte Ekintza eta Berdintasun zinegotzia Balmaseda plazako zentrora joan da, martxan jarriko dituzten jardueren berri emateko.
Bi ekipamendu horien koordinatzaile den Raquel Floresek lagunduta, Serapiok, lehenik eta behin, adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko eta zahartze aktiboa sustatzeko antolatuko dituzten tailerrak aipatu ditu. Zinegotziak gogorarazi duenez, horien bitartez "ongizate fisiko eta mentala, ezaugarri artistikoen garapena eta hirugarren adinekoentzat hain garrantzitsua den zerbait bultzatzen saiatzen gara: nahi ez den bakardadeari aurre egitea. Izan ere, jarduera hauek modu bat baitira adinekoak etxetik irtetera animatzeko, beste pertsona batzuekin harremanak izan ditzaten."
Ikasturte berri honetan 585 plaza egongo dira, honela banatuta: 314 Kueton eta 271 Conde Balmasedan; eta zentroek prestatu dituzten jardueren artean honako hauek egongo dira: Dantza, gimnasia, psikomotrizitatea, biodantza, Qi Gong (Chi Kung), memoria, pintura, eskulanak, literatura, informatika eta argazkigintza digitala.
"Parte hartzeari dagokionez, ikastaroek arrakasta handia izaten dute urtero, eta erabiltzaileek helarazten dizkiguten eskaeretara egokitzen dira", gaineratu du Yosune Serapiok aurkezpenean.
Ikastaroetan izena emateko epea irailaren 22ra arte egongo da zabalik, eta hurrengo egunean plazak esleitzeko zozketa egingo da, beharrezkoa izanez gero.
Bordelera bidaia
Bestalde, Yosune Serapiok gogorarazi du irailaren 25ean eta 26an berriz ere egingo dela Bordelera bidaia, adinekoek Frantziako hiria ezagutzeko aukera izan dezaten.
Irteera hau ekainean antolatu zenean oso harrera ona izan zuen eta parte hartu ahal izateko itxaron-zerrenda ere sortu zen. Horregatik, txangoa berriro antolatzea erabaki da, aurrekoan lortu ez zuten guztiek ere bidaia egin eta Bordelen turismoa egiteko aukera izan dezaten.
Irteera honek amaiera ematen dio udari, non adinekoen zentroek zazpi txango antolatu dituzten beste hainbeste toki entzutetsu bistatzeko: Arantzazuko Santutegia, Arditurriko Meategiak, Suances, Santillana del Mar, Comillas, Haro, Atapuercako Aztarnategiak eta Iruñea.
Bizi-testamentua
Pixkanaka, udako txangoen denboraldia amaitu ahala, bisita kulturalen denboraldi berria hasiko da, adinekoei museoak, eraikin enblematikoak, paraje naturalak eta abar bisitatzeko aukera emango diena. Denboraldi honetan, 20 irteera kultural egitea aurreikusi da.
Bestetik, laster ekingo zaie berriro bizi-testamentuari buruz Osakidetzarekin antolatutako lan-saioei. Jarduera honen helburu nagusia hauxe da: dena delakoagatik (kontzientzia galtzeagatik, dementzia aurreratuagatik, eta abarrengatik) erabakiak hartzeko gaitasuna galdu duen gaixoari ematen zaion osasun-arreta berak aurrez adierazitako lehentasunen araberakoa izan dadin.Erabakitzeko gaitasuna galtzeko egoera horiek, bereziki, bizitzaren amaierako prozesuetan gertatzen direnez, Osakidetzarekin egingo diren saio horietan, Sestaoko adinekoek osasun-arloko azken borondateak idatziz uzteko aukera izango dute.
Osakidetzarekin lankidetzan, Paziente Aktiboa tailerra ere egingo da. Ongizate emozionala zaintzeari helduko dion Ikastaro hori urriaren 16an hasiko da eta Kuetoko Gizarte Zentroan egingo diren bi ordu eta erdiko zortzi saio izango ditu.
Eta, amaitzeko, adinekoei asko gustatzen zaien zerbait. Ikasturte berriaren hasierarekin batera, asteburuko dantzaldiei ere ekingo zaie berriro, nahi duten pertsona guztiak zentroetara hurbil daitezen arratsalde entretenigarri bat pasatzeko. Saioak larunbat eta igandeetan izango dira, 17:30etik aurrera, Kuetoko Gizarte Zentroan.