Astearte honetatik eta datorren igandera arte, ikusgai egongo da Sestaoko San Pedro plazan 'Artearen ibilbidea' erakusketa ibiltaria. Obra honek Bilboko Arte Ederren Museoko altxorren sorta bat eskaintzen du.
BBK Fundazioak bultzatutako ekimen hori 2020an jarri zen abian lehen aldiz, museoaren zabalkunde- eta hezkuntza-jarduera bere egoitzatik harago eramateko apustuaren barruan, kultura artistikoa hizpidera ekarri eta espazio publikoetan haren ondarearen aberastasuna ezagutarazteko helburuarekin.
Horretarako, urterik urte, bildumako lanak fideltasun handiz erreproduzitzen dituzten panelez osatutako erakusketa mugikor berri bat eratu da, irudiekin batera, lan bakoitzaren euskarazko eta gaztelaniazko iruzkinak irakurgai dituena. Ginera, testu horiek ingelesez ere deskargatzeko aukera dago, QR kode baten bidez.
2025eko 'Artearen Ibilbidea' erakusketan, 'Istorioak' izenburupean, hainbat artista, garai eta teknikatako 38 sorkuntza aurkezten dira guztira –pintura, collage, akuarela, eskultura, kartela, argazkia eta bideoa–, mendebaldeko arteari buruzko ibilbide homogeneo eta plurala eskaintzen dutenak. Lan horiek lotzen dituen haria da beraien egileak historian zehar hainbat izaera eta jatorritako iturri literarioetan inspiratu izana da.
Ekimen honek, gainera, Hezkuntza eta Kultur Ekintza Saileko María Victoria Antoñanzas eta César Ochoa jaun-andreek egindako bitartekaritza-programa bat eskaintzen du, aukera ematen duena ikastetxe eta kultur elkarteek bisita komentatuak egiteko, bai eta erakusketa ikustera hurbiltzen diren pertsonen kontsultei erantzuteko ere.
Carlos García de Andoin Kulturako zinegotziak positiboki baloratu du ekintza hau, eta Sestaoko herritarrak animatu ditu erakusketa ikustera: "Erakusketa ikusteko San Pedro plazara hurbiltzen direnek garai desberdinetan bizi eta teknika desberdinak erabili zituzten artista onen artelanen bilduma interesgarria aurkituko dute. Horrela, hainbat lan aurkituko ditugu, Bibliako eszenak jasotzen dituztenak, posterrak... Bilboko Arte Ederren Museoak Bizkaiko 31 udalerrietako biztanleekin partekatu nahi izan duen ondare-aberastasuna".