Udalerrian irisgarritasuna hobetzearen aldeko erronkan aurrera doa Sestaoko Udala. Oraingo honetan, Martxoaren 8ko Plaza berria, eta Txabarri kalearen eta Nikolas Ormaetxea kalearen arteko irisgarritasuna hobetuko duten bi igogailuak inauguratu ditu.

Txabarri-El Sol eremua birgaitzeko planen esparruan, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak sustatutako hiri-kirurgiako proiektu honek 3.500 metro koadroko eremu degradatu bat berreskuratzea ekarri du, Txabarri, Abenduaren 25a, Nicolás Ormaetxea eta Galana kaleek osatzen duten barruko etxadia, hain zuzen.

Aisialdirako gune berri hori gauzatzeko egindako inbertsio ekonomiko guztia, 3,4 milioi eurokoa, Eusko Jaurlaritzak hartu du bere gain.

Gaur goizean, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Saileko teknikariek eta udal-teknikariek plaza bisitatu eta obra-amaierako akta sinatu dute. Ondoren, jendea sartzea eragozten zuen hesia kendu da, plaza jendeari irekitzeko asmoz. Bi administrazioetako teknikariek egindako ikuskapenaren ondorioz, datozen asteetan obraren erremate batzuk hobetuko dira.

Plazak eserlekuak, paperontziak, argiteria publikoa, lorontziak eta espazio horri bizitza gehiago emango dioten beste elementu batzuk ditu, hala nola aire zabalean kirola egiteko rokodromo txiki bat eta harmaila bat, etorkizunean antola daitezkeen izaera soziokulturaleko jarduerez gozatzeko eta eroso egoteko erabili ahal izango dena.

Gainera, mendi-hegalean dagoen zulo txiki bat berreskuratu da, Gerra Zibilaren garaian jasandako bonbardaketetan herritarrek aireko babesleku gisa erabili zutena.

Hiri-igogailu berri biek (herrian jarri diren zazpigarrena eta zortzigarrena) 19 metroko desnibela gaindituko dute Txabari kalearen atzealdearen eta Nikolas Ormaetxea kalearen artean.

Plaza berri hori irekitzea beste urrats bat da Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak eta Udalak bultzatutako Txabarri-El Sol eremua birgaitzeko prozesuan.