Aurrera doa Sestaoko Udala herriko espazio guztietan irisgarritasuna hobetzeko erronkarekin. Horretarako inbertsio handiak egiten ari da, herritarren eguneroko bizitza erosoago egite aldera. Oraingo honetan Vicente Díez parkeko igogailua martxan jarri du, Txabarri eta Los Baños kaleak konektatzen dituena. Horretarako, Udalak 600.000 euro inguruko aurrekontua bideratu du. Igogailua ez du egunean 24 orduz funtzionatuko, goizeko zazpiretatik gaueko hamaikak arte baizik.
Herrian martxan jartzen den seigarren hiri-igogailua da, aurretik Grupo la Paz, Kuetoko Gizarte Etxea eta Labe Garaia parkean jarritakoekin batera.
Igogailuak Txabarri kalearen eta Vicente Díez parke berriaren arteko desnibela gainditzen du. Horren birmoldaketan Udalak eta Eusko Jaurlaritzak, Sestao Berri sozietate publikoaren bitartez, 600.000 euroko inbertsio ekonomikoa egin dute.
Udalak balioa eman nahi dio herriak hiri-irisgarritasunaren arloan ematen duen urrats berri honi, eta herritarrei dei egiten die jasogailua behar bezala eta errespetuz erabil dezaten, auzoari zerbitzu ona eman ahal izateko.
Mugarri hori bete ondoren, Udalak irisgarritasunaren arloan ezartzen duen hurrengo helburua Martxoaren 8ko plazako bi igogailuak martxan jartzea da. Igogailu horiek Txabarri kalearen atzealdea eta Nikolas Ormaechea kalea komunikatuko dituzte.
Behin lurzoruak Udalari lagata, zerbitzu teknikoek ikuskapen bat egingo diote plazari, obrak jaso aurretik, erremateren bat zuzendu behar izanez gero jendeari ireki aurretik.