Astearte honetan goizean, uztailaren 15ean, Sestaoko Udalak ezagutzera eman du Juan Ellacuria udal egoitzak Osakidetza Euskal Osasun Zerbitzuak erakundearekin zeukan lankidetza-hitzarmena datozen lau urteetarako berritu duela. Akordio horri esker, bi erakundeetako osasun-langileek egoitzako erabiltzaileen historial klinikoa partekatu ahal izango dute.
Gai hori oso garrantzitsua da egoiliarrei laguntza mediko egokia eman ahal izateko. Osabide plataforma informatikoaren bidez egiten den informazio-truke horri esker, egoitzako medikuak eta erizainek erabiltzaileen historial klinikorako sarbidea izateaz gain, beren ohar eta azalpenekin ere osa dezakete. Datu horiek Osakidetzako medikuei agertuko zaizkie egoiliar bat Euskal Osasun Zerbitzuko zentroen sarera lekualdatu behar izanez gero, eta horrek arreta hobea bermatzen du, paziente hori egiten ari den tratamenduei eta egiten zaion jarraipenari buruzko informazio guztia baitauka.
Bestalde, hitzarmenak Udal Egoitzak 2022tik duen sendagai-gordailua ere arautzen du, Barakaldo-Sestao ESIarekin modu partekatuan kudeatzen duena. Udalak beharrezko obrak egin zituen zerbitzu hori garatu ahal izateko baldintza egokiak zituen espazio bat eduki ahal izateko. Astero, ESIko Erizaintza arloa arduratzen da egoiliarrei botikak dosi pertsonalizatuetan prestatzeaz eta entregatzeaz. Era berean, egoitzako osasun-langileek tratamenduei buruz izan ditzaketen zalantzak argitzeaz ere arduratzen da.
Sestaoko egoiliarrek jasotzen duten zerbitzuaren kalitatea asko hobetzen duten zerbitzu horien erabilerak ez du inolako kostu ekonomikorik Udalarentzat.