Hondartzetako urteko larrialdi-simulakroa egin du Aldundiak
Simulakroan bi jarduketa egin dira: bi pertsonaren itsas erreskatea eta isurketa kutsagarri bat
Kostaldeko larrialdiei aurre egiteko zerbitzuen arteko koordinazio-mekanismoak eraginkorrak direla erakutsi du asteazken honetan goizean Mendexako Karraspio hondartzan egindako simulakroak. Urtero bezala, Bizkaiko FOru Aldundiko Natura Ingurunearen sailak eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak indarrak batu dituzte proba hau egiteko. Simulakroan bi jarduketa egin dira: bi pertsonaren itsas erreskatea eta isurketa kutsagarri bat.
Larrialdi bikoitzeko simulakroa
Jarduketa 11:00etan hasi da, hondartzako sorosle-zerbitzuak Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroari (SOS Deiak) jakinarazi dionean itsasontzi txiki bat hondoratzen ari zela, bertan gutxienez bi pertsona zeudela. Kostalde-salbamenduko protokoloa aktibatu eta Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemaren baliabideak berehala heldu dira inguru horretara.
Minutu batzuk geroago, Ertzaintzak eta sorosleek jakinarazi dute orban kutsatzaileak agertu direla hondartzan, eta, horregatik, Foru Aldundiko hondartzetako garbiketa-zerbitzuek, Istripuen Prebentzio, Sorospen eta Laguntzarako Zerbitzuak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Zerbitzuak koordinatuta esku hartu behar izan dute.
Aginte-postu aurreratua udako sorospen-postuaren ondoan jarri da, eta mobilizatutako zerbitzu guztietako arduradunek parte hartu dute. Ertzaintzaren helikopteroak, zaintza-itsasontziaren eta azterketa-drone baten laguntzarekin, tripulatzaileetako bat erreskatatu eta Lekeitioko portuko heliportura eraman dute, arreta medikoa jasotzeko. Beste pertsona Gurutze Gorriko langileek erreskatatu eta itsasertzera eraman dute, bertan bizkortze-maniobrak egiteko. Izan ere, Gurutze Gorria Aldundiaren sorospen-zerbitzuaz arduratzen da.
Aldi berean, sorosleek eta hondartzainek isurketaren eraginpeko eremua mugatu, SOS Deiaki informazioa eman eta lekua kontrolatu eta garbitzeko prozedura aktibatu dute. Bestalde, Osasun Publikoko Zerbitzuko teknikariek bainuan eta hondartzako jolas-erabileretan izan dezakeen eragina baloratu dute. Bestalde, Aldundiko garbiketa-taldeek kutsadura-gunea kontrolpean eduki eta desagerrarazteko jardun dute.
Inguruko segurtasun- eta normaltasun-egoera berrezarri ondoren, Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak amaitutzat eman du simulakroa.
Horrelako jarduketek benetako larrialdien aurrean prestatzeko eta erantzuteko gaitasuna indartzen dute, eta azkar, koordinatuta eta eraginkortasunez jarduten dela bermatzen dute. Bizkaiko Foru Aldundiak, hondartzak kudeatzeko sistema integratuaren bidez, bere konpromisoa mantentzen du hondartzen kalitatearekin, segurtasunarekin eta ingurumen-jasangarritasunarekin.