Sestao Ind>>Hartu lan-estrategia aurkeztu zien joan den ostiralean, ekainaren 27an, Udalak herriko iparraldean kokatutako enpresei. Ekimen hau Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak bultzatutako Bizkaia Orekan Sakonduz programaren barruan sortu da.
Bileran Gorka Alvarez alkateak, Carlos García de Andoin Enplegu eta Ekonomi Sustapen zinegotziak eta Josefina San Miguel Hirigintza zinegotziak hartu dute parte, Udaleko ordezkari politiko gisa. Bertan izan dira, halaber, Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko foru diputatua eta Cristina Mujika Lurralde Lehiakortasuneko eta Kanpo Sustapeneko zuzendaria.
Bertan izan dira ArcelorMittal, Gescrap, Euskal Forging, ITP Aero, Hotel Naval Sestao, Grupo Carreras eta Lantegi Batuak. Aurreko egunetan, VGPrekin ere elkartu gara informazio bera emateko, ezinezkoa baitzitzaion gaurko jardunaldira joatea.
Sestao Ind>>Hartu apustu irmoa da erakundeek industria-sarearen lehiakortasuna bultzatzeko, udalerriko enpresek gaur egun dituzten eta etorkizunean izango dituzten erronken aurrean.
Lehen aldia da Udalak industriak biltzen dituela haiekin proiektu komunei buruz hitz egiteko, eta horrek norabide aldaketa dakar toki-administrazioak enpresa horiekin eta, aldi berean, beren artean historikoki izan dituen harremanetan.
Bilera horri esker, Sestaoko Udalak Ikastunen Eskolako eraikin enblematikoa edukiz hornitzen hasteko egingo dituen lau bideragarritasun-azterlanak aurkeztu nahi izan dizkiegu. Eraikin horren birgaitze energetikoa urte honen amaieran hastea aurreikusten da.
Enpresa horiek guztiak inplikatuko lituzketen lau proiektu, eta, horregatik, haiekin guztiekin elkartzeko beharra. Hauek dira baloratuko diren lau ekimenak:
- Industrialde bat eratzea AHV pastilla horretan/Ipar Industrialdean dauden enpresekin.
- Enpresen deskarbonizaziorako berrikuntza-polo bat sortzea.
- Laborategi bat martxan jartzea, etxebizitza industrializatuak eraikitzeko proiektu bat testatu eta berritzeko.
- Enpresa horiei guztiei prestakuntza nahierara eskainiko dien zentro bat sortzea.
Bideragarritasun-azterketak eta horietako bakoitza egingo duten aholkularitza-enpresak aurkeztu ondoren, datozen asteetan enpresetara bisita egingo da informazioa biltzeko, bideragarritasun-azterketak urtearen amaierarako amaituta egon daitezen.