Sestaoko biztanleak "sampedroen" ospakizunetan murgilduko dira ekainaren 19tik 29ra bitartean. Horretarako, Udalak ehun ekitalditik gorako programa aurkeztu du asteazken honetan goizean, Carlos García de Andoin Kulturako zinegotziaren bidez. Urtero bezala, nabarmentzekoak dira musika-emanaldiak: aurten David Civera, La Frontera eta Gorka Urbizu izango dira izen nagusiak.

Azken urteotan ohikoa den bezala, udalerriaren erdialdean hainbat jai-esparru izango ditugu: Harrobietako aparkalekuan barrakak eta txosnak egongo dira; Kasko plazan kontzertuen agertokia; eta San Pedro plazan eta Begoñako Andra Mari ikastetxeko patioan, berriz, agertoki txikiagoak jarriko dira formatu ertaineko beste musika-emanaldi batzuk eta bestelako ekitaldiak egiteko.​

Carlos García de Andoin zinegotziak azaldu duenez, Kultura Saila "urtarriletik ari da lanean herritar guztien gustukoa izango den jai-programa askotarikoa eta kalitatezkoa taxutzeko".​

Musika-programazioa​

Aurten ere, Sestaok musika-kartel bat aurkeztu du, sona handiko artistak biltzen dituena. Oraingo honetan, nabarmentzekoa da ekainaren 26an, osteguna, David Civerak eskainiko duen emanaldia. 2001eko Eurovision Jaialdian, Espainiaren ordezkari gisa, seigarren tokian sailkatu zen Teruelgo abeslariak bere ibilbidean egin dituen estudioko hamar albumetako arrakasta handien errepasoa egingo du.​

Ekainaren 27a, ostirala, hogeita hamar urtetik gorako musika-ibilbidea duen La Frontera rock taldearen txanda izango da. Ekainaren 19an, larunbata, Berri Txarrak taldearen sortzaile izan zen Gorka Urbizu igoko da Kasko plazako oholtzara bere bakarkako lehen albuma aurkezteko, euskarazko diskorik onenaren saria jaso duena 2025eko Musika Independentearen Sarietan.​

Kasko plazako agertokian ere beste artista batzuk arituko dira. Ekainaren 28an, larunbata, LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunarekin bat, Samantha Hudson izango dugu. Gainerako egunetan, berriz, Potato, Merina Gris, Pasarela eta Alaska Tour Show orkestrak, Miguel Ríosen omenezko banda eta Lokers eta María Band rock talde lokalak entzun eta ikusi ahal izango ditugu.

Begoñako Andra Mari ikastetxearen agertokian musika eskaintza askotarikoa programatu da: filmen soinu-banden kontzertu bat, Zinema Paradise taldearekin; Nafarroako jotak; boleroak; Rocío Dúrcali omenaldia egiten dion kontzertua, Los Gavilanes mariatxiaren eskutik; eta bi folk emanaldi, Sarrabete eta Folketan taldeek eskainiak.​

Bestetik, San Pedro plazako agertokitik dantzarako aukera eskainiko zaie adinekoei, eta bertan kaleko antzerkia eta online dantza-tailer bat ere egingo dira.​

Haurrek ikasturtea amaitu eta udako oporrak hasten dituzten garaian heltzen diren jaiek hainbat ekitaldi izango dituzte gure umeentzat: lau haur-parke, dantzaldi bat, magia emanaldi bat, clown-ikuskizun bat eta igel-toka lehiaketa programatu dira, bai eta Sestaoko txikiei hainbeste gustatzen zaizkien erraldoi eta buruhandien ohiko kalejirak ere.​

Gaztelekuk nerabeentzako aisialdi-eskaintzaren zati handi bat bilduko du eta, bertan, Play Station, Nintendo Switch eta ping-pong txapelketak antolatuko dira. Ohiko hitzordura ez dira faltako zezensuzkoak eta Terrassako Colla de Diables Carrefocs famatuak, baina Las Llanas zumarkalean egiten ari diren berrurbanizazio-obrak direla-eta, aurten ibilbidea aldatuko dute. Carrefocs taldea Saturnino de la Peña institututik atera, eta Ondejeda parkearen goiko aldean den kalistenia gunera joango da. Zezensuzkoak, bestalde, udaletxearen aurretik irtengo dira gauero.​

Koldo Urkiaga, pregoilaria​

San Pedro 2025 jaietako pregoilaria Koldo Urkiaga izango da, bere biziibilbidean, gure udalerrian euskal tradizioen eta euskararen alde lan handia egin duen laguna. Urte askoan Euskal Jaia antolatzen, eta Jai Batzordean eta beste udal foro batzuetan lanean aritu ondoren, "erretiroa" hartzea erabaki du bere familiaz gozatzeko. Hori dela eta, Jai Batzordeak Koldo aukeratu du aurtengo jaien suziria pizteko.​

Jaiak iragarriko dituen kartelari dagokionez, egilea Ainhize Pérez Ortega da. Kartelak erraldoiak eta, jaietako zapia jantzita, dantzan eta musika jotzen dabilen jendea erakusten ditu, jaien poza adierazteko.​

Barraketako bidaiek hiru euro balio izango dute, eta bi euroko prezio merkea izango dute bi egunetan: ekainaren 25 eta 30ean. Egunero, 17:00etatik 18:00etara, esparruan ez da girotzeko musikarik egongo, autismoa duten haurrek ere barrakez gozatzeko aukera izan dezaten.​

Aurkezpena amaitu aurretik, García de Andoinek festa-egitarau honetan Sestaoko taldeek eta elkarteek izan duten parte-hartze itzela goraipatu du: “Aukera hau aprobetxatu nahi genuke Jai Batzordea osatzen duten erakunde guztiei eskerrak emateko, bai eta kultur elkarteei, kirol klubei eta Udaleko teknikariei ere, beraien ekarpena ezinbestekoa baita jai-programa hau errealitate izan dain eta guztiok gozatu ahal izan dezagun. Era berean, eskerrak eman nahi dizkiegu aurten 15 urte bete dituen “Sestaoko Kuadrillak” batzordeari jai-giro bikaina sortzeagatik. Eta, nola ez, baita egun hauetan kalean ekintzak antolatuko dituzten elkarte guztiei ere, euren denboraren zati bat emango baitute, guztiok jaiez goza dezagun”.​

Azkenik, García de Andoinek mezu bat bidali die herritar guztiei "jaiez gozatzeko adeitasunez eta eskuzabaltasunez, eta edozein istilu mota saihesteko" Zinegotziak, halaber, bereziki azpimarratu du bere nahia "indarkeria matxistarik gabeko" festak izan daitezen eta, garbitasunari dagokionez, herritarrok gizalegez joka dezagun, espazio publikoetan zikinkeria-arrastorik ez uzteko.​