Lekeitio eta inguruko mendizaleek hitzordu berezi bat dute aurten maiatzaren 4an. Egun horretan antolatuko da Lekeitioko mendi martxa eta berriro ere jende kopuru handiak parte hartzea aurreikusten da.
Mendi martxa bi ibilbidetan banatuko da, luzea eta laburra. Luzeak 21 kilometro eta 900 metroko desnibel positibo metatua izango du, eta goizeko 8.00etan hasiko da. Laburrak, aldiz, 11 kilometro eta 390 metroko desnibela izango du, goizeko 10.00etan hasita. Ibilbide biak Lekeitioko Independentzia plazan hasi eta bukatuko dira. Ibilbideak seinaleztatuta eta boluntarioen bitartez, kontrolatuta egongo dira.
Batean zein bestean izena emateko kuota orokorra 15 eurokoa izango da, eta 14 urtetik beherakoek soilik 10 euro ordaindu beharko dute.
Mendi martxa honetan parte hartzeko ez dago adin mugarik, baina izena ematean araudia bete eta ondorengoa aitortu eta kontuan hartu beharko da. Dagoeneko izen ematea zabalik dago apirilaren 24ra arte, lekeitio.eus orrialdean eta Santi Brouard Kiroldegian egin ahal dana.
Bestalde, izena ematen duen pertsona bakoitzari pultsera bat emango zaio dortsal gisa eta transferiezina izango dena.
Horretaz gain, opari bat ere emango da. Beste pertsona baten oparia jaso ahal izateko, izen-emate agiria erakutsi beharko da. Opariak eta pultserak jasotzeko aukera egongo da egunean bertan, hau da, maiatzaren 4an, Independentzia plazan, udaletxe azpiko arkupean, 7.00etatik 10.00etara.
Lekeition ospatuko den mendi martxaren helburu nagusia haur, gazte eta helduen artean mendizaletasuna sustatzea izango da.