Abian jarri zenetik urtebete igaro denean, mila erabiltzailetik gora eskuratu ditu dagoeneko Santurtziko Udalaren WhatsApp aplikazioak, santurtziarrentzat funtsezko baliabidea bihurtuz.
"Datuen arabera, aplikazioaren bidezko zerbitzu hau gero eta erabiltzaile gehiagorengana iristen ari da. Tresna horren helburu nagusia udalerriko edozein emanaldi, ekitaldi, edo gertaera garrantzitsuri buruzko informazioa ematea izateaz gain, herritarrek zalantzak edo kexak helarazteko bide bat izatea ere lortu nahi dugu", azaldu du Karmele Tubilla Santurtziko alkateak.
Jasotako datuek erakusten dute zerbitzuaren erabilera handituz joan dela 2024ko otsailean hasi zenetik. Gaur egun, 1200 santurtziarrek jasotzen dute udalaren informazioa, eta horiei gehitu behar zaizkie zalantzaren bat argitzeko besterik erabiltzen ez duten pertsonak. 5.000 elkarreragin eta 2.000 elkarrizketa baino gehiago izan dira guztira. Herritarren Arretaren atala izan da erabiliena ( % 60), ondoren alkatearen postontzia ( % 20) eta gainerakoa udal-informazioari dagokiona.
Horren harira, Tubillak azaldu duenez, "baliabidea abiaraztea oso positiboa izan da hainbat alderditan, eta, gainera, harreman zuzenagoa izan ahal izan dut herritarrekin "Alkatearekin hitz egin" postontziaren bidez, non herritarrek zalantzak edo kexak jakinarazten dizkidaten, eta erantzuna askoz ere arinagoa den. Bestalde, udal informazioa bidaltzeko abisuen sistema oso ondo dabilela antzeman dugu; izan ere, bidalitako mezua zerbitzuan alta emanda ez dauden herritarrengana ere heltzen da, eta azken finean, horixe da helburua, informazioa ahalik eta santurtziar gehienei, azkar eta erraz, hel dakien”.
Alkateak, prentsaurrekoan, zerbitzua nola dabilen gogorarazi du oraindik erabiltzen ez duten pertsonentzat: "kanal berri honetan sartzea oso erraza da, interesdunak 670.222.257 zenbakia bere agendan gorde besterik ez du, eta, ondoren, elkarrizketa bat ireki beharko du WhatsApp aplikazioaren bidez, “Hola” hitza erabiliz, gaztelaniaz elkarreragin nahi izanez gero, edo “Kaixo” hitzarekin, euskaraz egin nahi badu. Urrats hori egin ondoren, argibideei jarraitu behar zaie, eta, zenbakien bidez, behar den aukera hautatu".