30 herrialde inguruko 250 xake-jokalari bilduko dira irailaren 12tik 18ra bitartean Sestaon, bertan ospatuko baita Open Sestao Basque Country-33 Magistralaren 40. edizioa. Nazioarteko egutegiko erreferentzia den txapelketa hau Las Llanas udal pilotalekuan ospatuko da.

Sestaoko xake-klubak antolatu duen lehiaketa honetan 20.000 euro baino gehiago banatuko dira saritan. Txapelketen programan sartu eta egun gutxira, berrogeita hamar inskripzio baino gehiago erregistratu dira hainbat tokitako parte-hartzaileek eginak: Frantzia, Suedia, Danimarka, Ingalaterra, Ukraina, Bulgaria, Austria, Kuba, Argentina, Islandia, Polonia, Estatu Batuak eta ia autonomia-erkidego guztiak.

Kalitate-jauzi garrantzitsu hori erakundeek egindako apustu sendoari zor zaio, bultzada eman baitiote jarraitutasun-bokazio argia duen eta eskualdearen eta, bereziki, Sestaoren turismo-sustapenerako euskarri garrantzitsua izan nahi duen ekitaldi honi. Sestaoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Open Sestao Basque Country txapelketa munduko kirol praktikatuenetako baten erreferente bihurtzeko erronkari eutsi diote, mende erditik gorako ibilbidea duen ospe handiko klub baten eskutik.

Lehen pieza mugitzeko oraindik sei hilabete falta direnean, lehen urratsak eginda daude. Txapelketak kartela, webgune ofiziala eta sare sozialak ditu, informazioa biltzeko eta inskripzioak formalizatzeko. Lehiaketa Suitzako sistemaren bidez egingo da, bederatzi txandatan. Sariak egongo dira ELOko zazpi tartetarako, eta emakumezkoen eta Bizkaiko federatuen kategoriako. Irabazleak, bere aldetik, 2.800 euroko saria jasoko du.

"Txapelketa honekin klub gisa dugun ametsetako bat beteko dugu. Jauzi handia da, eta uste dut bost open onenen artean kokatuko gaituela, Benasqueren mailan edo Benidormeko edo San Vicente del Raspeigeko lehiaketa handien parean. Ahalegin ikaragarria da gure neurriko klub batentzat, baina erakundeetan izan dugun harrera onak animatu egiten gaitu xakea eta Sestaoren izena munduko bazter guztietara eramateko ahalegin guztia egitera", nabarmendu du Sestaoko Xake-klubeko presidente Miguel Ángel del Olmo jaunak.

​Bestalde, Jesús Amenedo Kirol eta Turismoko zinegotziak Udalak kirol-ekitaldi honi ematen dion babesa agertu du: "Sestaoko Xake Klubak ideia aurkeztu zigunean, bikaina iruditu zitzaigun eta berehala ikusi genuen txapelketa hau aparteko aukera dela Sestao xakearen munduan erreferentziazko udalerri gisa kokatzeko eta, aldi berean, gure herria ezagutarazteko".