Sestaoko Udalak 5.400 euroko aurrekontua bideratu du La Benedictako kai-mutur osoan argiteria publikoa berrezartzeko. Guztira 25 eguzki farola jarriko dira itsasadarraren ertzean dagoen udalerriko eremu horri argi publikoak emateko. Ostegun honetan goizean, Obrak eta Espazio eta Eraikin Publikoen Mantentze-lanetako zinegotzi Alfonso Tapiak ekimen honen nondik norakoak azaldu ditu.

Zinegotziak gogorarazi duen bezala, azken urteetan La Benedictako kaimuturra hainbat aldiz egon da herritarren ahotan, pasealeku horrek, hirigunetik aparte egonik, gauez ilunpetan utzi izan baitu ingurua, argi publikoaren kablea lapurtu izateagatik.

Arazo horri irtenbidea bilatzeko asmoz, iaz Udalak proba pilotu bat egin zuen, bateria batekin elikatutako sei eguzki-farolekin, eguzkiaren argiarekin kargatzen zena, argi publikoak kableen mende egon ez zitezen.

Emaitza onak ikusita, zerbitzu teknikoek oniritzia eman zioten eguzki-farola horiek jartzeari, kable bidezko konexio elektrikoaren ordezko irtenbide gisa; hala ere, segurtasun-neurri batzuk ezarri zituzten instalazioan, lapurretarik gerta ez zedin.

Hala, azken asteetan, Brigadako argiketariek 25 eguzki-farola jarri dituzte La Benedictako kai-mutur osoa gauez behar bezala argiztatzeko.

Farola horiek bateria bat dute, egunez eguzki-argiarekin kargatzen dena, eta horrela gau osoan egon daitezke piztuta. Farolak % 60ko intentsitatearekin argiztatzeko programatuta daude, eta pertsona bat 8 metro baino gutxiagora dagoela detektatzen dutenean, intentsitatea % 100era handitzen da.

25 foku horiek erosteak 5.400 euroko kostu ekonomikoa izan du.

Udalak herritarren laguntza eskatu du, kale-argi horiek manipulatu edo lapurtu nahian norbait ikusten badute Udaltzaingoari edo Ertzaintzari deitu diezaioten.

La Benedictako kai-muturrean jarduketa amaitu ondoren, Udala aztertzen ari da neurri hori kable elektrikoaren lapurreta gertatu den udalerriko beste eremu batzuetan erabiltzeko aukera.