Lekeitioren 700. urteurrenaren baitan, herriak hainbat ekitaldi hartuko ditu urtarrilean zehar, horien artean Plazatik udaletxera, udaletxetik plazara izeneko ekimena Gobernantzaren eta demokraziaren berrikuntza helburu duen Arantzazulab laborategiarekin elkarlanean. Ekimenaren helburua alderdi politikoen ordezkarien ekarpenekin eta jendearen parte-hartzearekin Lankidetzazko Gobernantzarako bide posibleak marraztea izango da.
Jarduera hau antolatzeko, gizartean dagoen uste bat hartu da kontuan, hau da, herriaren kudeaketan agintarien eta herritarren artean egunean baino egunean arrakala handiagoa dela, eta herritarren artean, herritarrek urrun ikusten dituztela agintariak eta ia ez dutela parte hartzen erabakietan. Hori dela eta, bi aldeak, herritarrena eta agintariena, batzeko moduari buruz hausnartuko da, baita Udaleko ateak herritarrei “irekitzeko” moduari buruz ere. Arantzazulab laborategiaren laguntzarekin, alderdi politikoen ordezkarien ekarpenak eta publikoaren parte-hartze zuzena Lekeitiorako Lankidetza Gobernantzaren bide berriak marrazten saiatuko dira.
Jardunaldi honetan parte hartzeko izena eman beharko da Udaleko sare sozialen bidez ezagutzera eman den estekan.