Joan den larunbatean banatu ziren 47. Euskal Zine Bileraren Sail Ofizialeko Lehiaketako sariak. Guztira 20 film labur iritsi ziren lehiaketara, eta urriaren 17tik 19ra bitartean Lekeitioko Ikusgarri aretoan ikusteko aukera egon zen.
Hogei lanen artean bost izan ziren Film Onenaren, Zuzendaritza Onenaren, Gidoi Onenaren eta Benito Ansola Sariaren sariak eskuratu zituztenak. Irabazleak erabakitzeko ardura Ainara Elgoibar zinemagileak, Martxelo Rubio aktoreak eta Nerea Ibarzabal bertsolariak izan zuten, hau da, zinemagintza eta euskal kulturaren ezagutza handia zuen epaimahaia. Bestalde, astean zehar emandako botoen bidez, ikusleek EITB Ikuslearen saria erabaki zuten.
Horrela, Film onenaren saria, Jone Arriolaren Dena asmatuta dago lanarentzat izan zen. Epaileek adierazi zutenez “bainera txiki batean gauza asko kabitzen direla erakusten digun lana da hau. Pelikula organikoa, naturala eta, batez ere, freskoa”. Hori dela eta, Arriolak aurtengo Urrezko Antzarra eta 3.000 euroko saria jaso zituen.
Bestalde, Zuzendaritza onenaren saria, Maddi Barberen Alas/Tierra filmarentzat izan zen 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra irabaziz. Eta gidoi onenaren saria, Itziar Leemansen Ximinoa filmak eraman zuen, honek ere 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra lortu zituen. Beste irabazle bat Daniel Nespereira eta Zihara Etxeberriaren Larramendi filma izan zen, Benito Ansola saria lortuz, eta epaimahaiaren aipamen berezia Kote Camachoren Puzzleak, bortxaketaren jauregia lanarentzat izan zen.
Horrez gain, sari-banaketaren ekitaldian ezagutu zen EITB Ikuslearen sariaren irabazlea, astean zehar ikusleek emandako botoen bidez. Ikusleek euren botoekin erabaki zuten irabazlea Kote Camachoren Puzzleak, bortxaketaren jauregia izatea, batez beste 4,19 puntu lortu zituzten 5etik. Beraz, harentzat izan zen Zilarrezko Antzarra eta 750 euroko saria.
Aipatzekoa da ere ekitaldi berean, euskal zinemagintzaren figura eta ekimenak omentzeko asmoz Euskal Zinemaren Begiradarekin Itziar Ituño euskal aktorea omendu zela, lurralde, zein hizkuntzaren mugak igaro dituen aktore euskalduna eta euskaltzalea izateagatik.