Datorren urriaren 16tik 21era Lekeitioko Euskal Zine Bileraren 47. edizioa ospatuko da. Euskara hutsez egiten den Film Laburren Jaialdirik zaharrena den ekimena euskarazko zinemaren erreferentziazko gune bihurtu da, urtez urte, urratsez urrats, euskaldun zinema bultzatuz.

Zinemaldiaren helburua zinema berria egin eta istorio berriak kontatu nahi dituzten sortzaileengana iristea da. Aurten ere, Sail Ofizialeko Lehiaketak euskal ikus-entzunezkoen sorkuntza bultzatzea nahi du, horretarako hainbat sari bereiziz.

Ohiko Zuzendaritza, Gidoi eta Film Onenaren sariez gain, aurten Benito Ansola Saria ere izango da, 24 urtetik beherako zinemagileen lanak saritzen dituena eta hurrengo urteko lehiaketarako akzesita ematen duena.

Ikusleak ere protagonista izango dira, haiek lan bakoitzari emandako puntuazioen bidez erabakiko baitute zein izango den ikuslearen sari bereziaren irabazlea.

Aurtengo oinarrien arabera helarazitako lan guztietatik, aurre-aukeraketa bat egin da eta, horietatik, 20 film laburrek osatuko dute Sail Ofizialeko Lehiaketa.

Euskal Zine Bilera euskaraz ekoitzitako askotariko lanen erakusleihoa da, teknika, genero, sorkuntza prozesua eta gai desberdinak biltzen dituen neurrian.

Horretaz gain, aurten, jaialdiak irauten duen egunetan euskara eta zinema uztartuko dituzten hainbat ekimen antolatuko dira. Horiek guztiak ezagutzera emateko, urriaren 10ean, aurkezpen ekitaldi bat egingo da edizio honetako nobedadeen berri emateko eta aurtengo jaialdiko jarduera eta kolaborazio esanguratsuenak azaltzeko.