Síguenos en redes sociales:

Zornotzak euskararen erabilera sustatzeko laguntzak aurkeztu ditu

Eskabideak azaroaren 20ra arte aurkeztu ahal izango dira eta guztira 7.500 euro bideratu ditu Udalak

Tokiko administrazioak bi dirulaguntza deialdi argitaratu berri ditu herrian euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin. Zehazki, merkataritza esparruan errotuluak, web-orriak eta korporazioaren irudiak euskaraz jartzeko laguntza lerroa eta euskararen erabilera sustatzeko jarduerak egiten dituzten elkarteei zuzendutako dirulaguntzak dira. Guztira, 7.500 euro bideratuko dira eta eskabideak datorren azaroaren 20ra arte eskatu ahal izango dira.

Deialdiaren baldintzei dagokionez, laguntzetako bat 2023ko ekitaldian udalerrian merkataritza esparruan errotuluak, web-orriak eta korporazioaren irudiak euskaraz jartzera dago bideratua eta gehienez 2.500 euro bideratuko dira. Bestalde, bigarren laguntza euskaren erabilera sustatzeko jarduerak egiten dituzten elkarteei dago zuzendua. Zentzu horretan, onuradunak izateko baldintzak dira: irabazteko asmorik gabeko Erakunde edo Elkartea izatea, legez eratua, Amorebieta-Etxanoko udal erregistroan izena emanda dagoena eta jarduerak Udalerrian egiten dituztenak. Era berean, beharrezkoa izango da udalerrian erroldatuta dauden pertsona fisikoak izatea, noizbehinkako ekimenez irabazteko asmorik gabeko talde baten ordezkari partikularrak direnean. Deitutako dirulaguntzarako, gehienez, 5.000 euro bideratuko dira.

Aipatutako bi dirulaguntzen argibide eta xehetasun guztiak udaleko webgunean eskuragarri daude. Eskabideak udal webgunean eskura daitezke, edo presentzialki Amorebieta-Etxanoko Udaleko Herritarren Arreta zerbitzuan. Laguntzak azaroaren 20ra arte eskatu ahal izango dira.