Dagoeneko ehun egunik gora pasatu dira EH Bildurenudal gobernua Lekeitioren eguneroko kudeaketan hasi zenetik. Epea beteta, Euzko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) bere balorazioa egin nahi izan du. Alderditik argi utzi nahi izan dute koalizioaren eskuetan zegoela “behin eta berriro aldarrikatzen zen aldaketaren norabidea erabakitzea”. Hala ere, orain arteko ibilbidean “ustezko hausnarketa asko eta erabaki zehatz gutxi” izan dela azalarazi nahi izan dute jeltzale lekeitiarrek.

EAJren arabera, “azken ia lauhilabete hauetan hauteskunde kanpainan lau haizeetara zabaldutako aldaketaren beharra hoberantz izango zelakoan egon gara”. Baina ez omen dute norabide zuzenik sumatu jeltzaleek. “Behin eta berriro aldarrikatu izan du udal gobernu berriak herri honek daraman norabidea aldatu beharra zegoela eta herria gobernatzeko agintaririk onena herria bera dela. Horregatik, ahalik eta indar handiena egingo dugu herriarekin batera, elkarlanean herri hau gobernatzeko. Ez bata eta ezta bestea ere”, azaldu dute.

Zenbait galdera planteatu dizkiete Lekeitioko EAJtik koalizioko arduradunei, besteak beste udal gobernuaren plan falta. “Non dago EH Bilduko udal gobernuaren legealdi plana? Zein da Lekeitioko herriari eskaintzen dioten bide orria datozen 4 urteetarako? Eta noiz aurkeztuko da? Hauteskunde kanpainanez genuen ezagutzen eta oraindik ere ez daukagubvlegegintzaldiko proiektuen berririk”. Epe honetan udal batzaren Osoko Bilkurak egiteko “aldizkotasuna eta batzorde informatiboen sorrera eta osaketa berdin mantentzea proposatu izan du EH Bilduren gobernuak. Ez al zen ezinbestekoa EAJren politiken norabidea aldatzea? Erabaki honek bi irakurketa izan ditzake, azken urteetako EAJren modeloak ondo funtzionatu izan duela edota EH Bilduren udal gobernuaren partetik inprobisazioa dela nagusi”.

EAJk azken kontu bati buruzko erreferentzia egin nahi izan du. “Urrian gaude eta oraindik herritarrak batzorde informatiboetan parte hartzeko deialdi zabala egin gabe” dagoela esan dute. “Herritarrek ezin izan dute izenik eman eta oraindik ez dira batzordeak martxan ipini ere egin. Hau al da gobernantza kooperatiboa bultzatzea? Berandu bada ere, ea gai diren egun edo asteotan udalaren funtzionamendu normalarekin hasteko”.

Lekeitioko EAJk berriz luzatu du Lekeitioko egunerokoan parte hartzeko gonbita. “Oposiziotik ere arduraz jokatuko dugu, herritarren ongizatean eta bizi-kalitatean eragin zuzenena duten eskaerei erantzuna ematen laguntzeko”. Oposizioan izanik, “gure helburua oposizio eraikitzaile bat praktikatzea da, zorrotza eta irmoa ere bai”. “Baina, orain EH Bilduren udal gobernuari dagokio erabakiak hartzea eta behin eta berriro aldarrikatzen dituen parte hartzea, lankidetza, gardentasuna eta politika egiteko beste modu bat ekintzekin erakustea”, jeltzaleek gaineratu dutenez.