Atxondoko Biezko baserriak hartuko du txanda Udako Baserriko Uzta ekimenaren ospakizunean. Abuztuaren 26an Anerrek eta Oihanek beraien baserriko ateak parez-pare irekiko dituzte. “Hainbeste urte EHKOlektiboko talde eragilean ibilita, aurten gurean tokatzen da Baserriko Uzta egitea. Lehen aldia da Biezkon horrelako zerbait egiten duguna eta espero dugu gure bezero eta lagunen laguntza jasotzea. Ardura handia da guretzat eta espero dugu ahalik eta ondoen pasatzea, jai eder bat egitea eta jende anitza hurbiltzea”, azaldu du Anerrek.

2007. urtean inguruko herrietan etxez etxe banatzeko saskiak egiten hasi ziren baratzean ekoiztutako produktuekin. Orain beste salmenta puntu gehiago dituzte: Durangoko merkatuan larunbatetan, Durangoko Marisatsa kontsumo elkartean eta Arrazolako Amillena jatetxean, adibidez. Horrela, baserritik bizitzeko erabakia hartu zuten.

Oso etxalde dibertsifikatua da Biezko. Baratzeaz gain, fruta arbolak, oiloak, oilaskoak, erleak, fruitu txikiak, sendabelarrak, baso jangarria eta nekazal-turismoa dituzte, besteak beste. “Landetxea duela 6-7 urte ireki genuen. Leku lasaia eta erosoa eskaintzen saiatzen gara, talde edo familia handiak elkartzeko aukera ematen duena”.

Ekitaldia goizeko 10.30etan abiatuko da ongi etorriarekin, Axpeko parkinetik Biezkora pasiera gidatua egingo da bertako historia eta kontuak entzunez. Ondoren etxaldearen bisita egingo da hamaiketakoarekin bukatuz. 12.30etatik aurrera, Uger rock talde bilbotarrak girotuko du hitzordua eta amaitzean, bazkaria egingo da EHKOlektiboko kideen baserrietako elikagaiekin osatuta. Arratsaldean zenbait ekintza egongo dira. Astoturfer musika taldearen kontzertuaren bukatuko da eguna. Beharrezkoa da izena ematea parte hartzeko eta tokia mugatua izango da. – A. S.