Lekeitioko Alde Historikoa oinezkoentzako lehentasunezko eremua da eta, hori lortzeko, urteetan zehar trafikoa kudeatzeko sistemak ezarri dira. Eremu honetako sarbidea bizilagunen joan-etorrietara eta merkataritzarekin lotutako ibilgailuetara mugatzen da. Hala ere, azken urteotan Alde Zaharreko trafikoa handituz joan da, eta bertako trafikoa arautzeko, ordenantza berria egin da. Ordenantza honekin ibilgailuen sarrera eta hauek gunean igarotzen duten denbora mugatuko da. Sistema berriak ibilgailuen matrikulak irakurriko dituen kamerak izango ditu (soilik matrikulak grabatuko dituzte, ez pertsonak edo bestelako elementuak).

Kontuan izan behar da ere, Lekeitioko gune hori zeharkatzen duten ibilgailuek urbanizazio elementuak hondatzen dituztela, galtzada-harriak eta espaloiak batez ere. Orain arte erabiltzen zen pibote sistemak traba handiak sortzen zituen larrialdietako ibilgailuak (suhiltzaileak, anbulantziak eta abar) sartu behar zirenean. Gainera, arazo mekanikoak ere ohikoak ziren. Orain, aldiz, sistema berriarekin sarrera-irteeren eraginkortasuna bermatuko da. Momentuz, matrikula irakurketa sistema soilik Arranegi eta honen inguruko kaleak hartzen dituen Alde Zaharreko gunean ezarriko da.

Uztailaren 10etik aurrera trafikoa kudeatzeko sistema hau martxan egongo da Gamarra, tala, Txatxo kaia eta Arranegiko sarreretan. Alde Zaharrean sarrera irekita egongo da erabiltzaile guztientzat astelehenetik larunbatera, 8:00etatik 13:00etara bitartean. Baina, ordutegi horretatik kanpo eta igande eta jai egunetan soilik baimenduak sartu ahalko dira. Azken horiek gehienez ere 30 minutu egon ahal izango dira.

Era berean, baimendu bakoitza sarrera zehatz batetik sartu ahalko da, erroldatuta dagoen etxebizitzatik gertuen dagoena hain zuzen. Gainera, alde zaharreko eremu guztian zehar 20 km/orduko abiaduran gidatu ahalko da gehienez ere.

Hauek eskuratu ahal dute baimena:

  • Alde Historikoko etxebizitza batean erroldatuta dauden pertsona fisikoak edo bertan egoitza duen pertsona juridikoak.
  • Alde Historikoan dauden merkatal edo ostalaritzako lokalen titularrak; edota, lokalak alde horretan eduki ez arren, ondasunak edo zerbitzuak etxerik etxe banatzen dituztenak.
  • Konponketak eta obrak egiten dituzten enpresak.
  • Udalerrian auto-taxi lizentziak dituzten titularrak.
  • Zerbitzu bereziak eta larrialdikoak.
  • Plazapeko garajean emakida duten titularrak.

Baimenak udal bulego orokorretan eskatu ahal dira astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara bitartean.

Ordutegiz kanpo eta baimen gabe Alde Historikoan sartzen diren ibilgailuek isuna jasoko dute. Hala ere, salbuespeneko sarrerak egiteko aukera egongo da, beti ere aurretiaz udaltzaingora eskaera bidaliz.​