Larunbat honetan hasi eta abuztuaren 31ra bitartean izango dute zabalik zornotzarrek 2024ko Aurrekontu Parte Hartzaileetarako proposamenak aurkezteko epea. Ekimen horretarako 900.000 euro inguruko aurrekontua bideratuko du Udalak. Prozesua hiru fasek osatuko dute: proposamenak batzea; Udaleko sailen aztertzea eta lehentasunak finkatzea; eta 2024 ekitaldirako Aurrekontu Proiektua.
Aurreneko fasea: proposamenak batzea
Lehen fasea uztailaren 1etik abuztuaren 31ra egongo da indarrean, eta 16 urtetik gorako zornotzarrek, elkarteek, fundazioek eta abarrek aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak, beti ere, nortasun juridiko propioa badute eta Amorebieta-Etxanon kokatuta badaude. Proposamenak interes orokorrekoak izango dira udalerriarentzat, udal-eskumeneko eremuei lotuta egongo dira, legezkoak izango dira, teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak, eta urte batekoak izango dira, hau da, ez dute aparteko gasturik sortuko etorkizunean. Era berean, Udalak gogorarazi du ez direla onartuko langileak, enpresak edo profesional autonomoak kontratatzeko gastuetarako proposamenak, dirulaguntzetara eta bestelako laguntzetara bideratutakoak, bekak eta sariak emateko eskatutakoak, diru-sarrera publikoei buruzko erabakien ingurukoak (hala nola tasak edo zergak), edo Udalaren eskumenekoak ez diren gaiei buruzkoak (tren-geltokiak, ospitaleak…).
Ekimen honetan parte hartu nahi duten zornotzarrek hainbat modutara dute aukera: www.amorebieta-etxano.eus udal webgunean eskuragarri dagoen formularioa betez; Udaletxeko HAZ-aren (Herritarren Arreta Zerbitzua) bidez edo Zelaieta Zentroan.
Bigarren fasea: sailek proposamenak aztertu eta lehentasunak finkatzea
Prozesuaren bigarren fasean, irailaren 1etik 30era, Amorebieta-Etxanoko Udaleko sailek proposamenen edukia aztertuko dute ikuspuntu tekniko, juridiko eta ekonomikotik. Horrela, hiru baldintza horietako bat betetzen ez duten proposamenak ez dira hirugarren fasera pasako. Gainera, baliozkotutako proposamenei lehentasuna emango die dagokion udal-arloak, aurrekontu-proiektuan sartzeko.
Hirugarren fasea: 2024 ekitaldirako Aurrekontu Proiektua
Hirugarren eta azken fasean, baliozkotu eta lehenetsitako proposamenak 2024rako Amorebieta-Etxanoko Udal Aurrekontuan txertatuko dira. Udalak proposamen guztien zerrenda argitaratuko du, aurrekontuetan zeintzuk sartu diren eta zeintzuk ez zehaztuz. Era berean, Udalak jakinarazi du proiektu bat aurrekontuan sartu ez izanak ez duela esan nahi ekitaldi honetan bertan edo etorkizunean gauzatuko ez denik.