Uztailaren 22an, larunbata, ospatu egingo da Karmen eta Santanatxu jaietako ohiko marmitako lehiaketa. Bada, jende ugari biltzen duen ekitaldian parte hartu nahi dutenek izena eman ahal dute dagoeneko Zelaieta Zentroan.

Izen-ematea, astelehenetik ostiralera, 8:30etik 21:30era eta uztailaren 11ko (asteartea) 13:00ak arte egin ahal izango da. Era berean, Udal webguneko ‘Izen emateak’ atalaren bitartez ere eman ahal izango da izena.

Mahai eta aulki kopurua ahalik eta zehatzena izateko helburuarekin, eta hau parte hartzaile zenbakiarekin bat etortzeko, talde bakoitzeko kide batek Ametx txartela eduki eta aurkeztu beharko du izena ematerakoan. Pertsona hori izango da Udalak utzitako materialaren arduraduna, eta jaso, itzuli ez den edo kaltetua izan den materialari dagokion zenbatekoa ordaindu beharko du: mahaiak 30 euro (aleko prezioa), aulkiak 20 euro (aleko prezioa) eta beste edozein isunengatik, 50 euro. Isunak kobratzeko arrazoiak ondokoak izango dira: banatutako mahai eta aulki kopuruaren eta benetako mahaikideen kopuruaren arteko desoreka nabarmena; banatutako materiala (mahaiak eta aulkiak) antolatzaileek adierazitako ordutegian eta lekuan ez ematea edo baldintza txarretan entregatzea; antolakundeak ezarritako espazioen banaketa ez errespetatzea eta lehiaketaren oinarrietan jasota ez egon arren antolatzaileek kalkulatutako beste edozein arrazoi.

Talde bakoitzarentzako lekuen zozketa: uztailaren 18an

Taldeek bete beharreko lekuak uztailaren 18an (asteartea) 12:00etan zozketatuko dira Zelaietako auditorioan. Leku horiek kide kopuruaren arabera markatu eta sailkatuko dira, eta kategoriak zozketatuko dira: challenge-eko A talde txikiak, B talde handiak eta C taldeak. Koadrila bakoitzak zozketa bidez esleitutako espazioa hartu beharko du nahitaez. Bestalde, antolatzaileek hegaluzea, mahai-tresnak eta ogia baino ez diete emango erronkan parte hartuko duten koadrilei. Mahai eta aulkiak, berriz, mapan esleitutako lekuetan emango dira, 10:30etik 13:00etara, eta 13:00etatik 19:30era jasoko dira. Taldeek uneoro bete beharko dituzte antolatzaileen oharrak, batez ere kazolak entregatzeko ordutegiei eta lekuari dagokienez. Kazolak gehienez ere 25 zentimetroko diametroa izango dute. Sari banaketa 14:30ak eta 15:00ak bitartean egingo da Zubiondo plazan, eta marmitako lehiaketan zehar sortzen den edozein arazo konpontzeko, Batzorde Antolatzaile bat izendatuko da. Batzorde hori ekitaldia antolatzen duen taldetako bi kidek eta Amorebieta-Etxanoko Udaleko bi ordezkarik osatuko dute.