Osasun-zerbitzu batzuk udalerrietara hurbilarazteko beharra ezagutarazi zizkioten Koldo Goitiak eta Garbiñe Saenz de Buruagak, Lekeitioko eta Ispasterreko alkateak, batik bat, Osasun Sailburu Gotzone Sagarduiri, joan den astean izandako bileran. Hitzordu horretan haien udalerrietan ematen den osasun zerbitzua izan zen gai nagusia.
Eskaera honen aurrean, Osasun Sailburuak azaldu du Osakidetzak sare bat bezala funtzionatzen duela, eta horren garrantzia azpimarratu du ikuspuntu tekniko eta medikutik, herritarrei kalitatezko zerbitzua eskaini ahal izateko. Hala ere, alkateen eskaria ontzat eman du eta Lea-Artibai eskualdeko inguruko ospitaletan ematen diren zerbitzuak gehitzea eta hobetzea aztertzeko konpromisoa hartzen duela azaldu du.
Horien artean, Galdakao-Usansoloko ospitalea handitze lanen ondorioz sendotu beharreko zerbitzuak eta beharrizanei hobeto erantzun ahal izateko zerbitzu gehiago emanez.
Ildo horretan, bi alkateek aprobetxatu dute sailburuari helarazteko, mozio horretan proposatutakoaz aparte, urgentziazko pediatria Galdakaon barik eskualdetik gertuago ezartzea azter eta balora dadila. Gernikako gaur egungo Ospitalean edo aurrerantzean Durangoko Bereizmen Handiko Zentroan berau ezartzeko, beti ere gaur egungo eskualdeko pediatria arreta arriskuan jarri gabe.
Azkenik, Lekeitioko eta Ispasterreko alkateek eskerrak eman nahi izan dizkiote Osasun sailburuari azken urtean eskualdean lehen mailako arreta hobetzeagatik, inguruko herrietako egoera hobetuz eta, ildo horretan, lan egiten jarraitzeko eskaria egin diote Sailari.
Era berean, Lekeitioko alkateak Osakidetzaren helikoptero zerbitzua balioetsi du, inguruko udalerriak artatzen baititu.