- Ezberdinak gara/Berdinak gara. Munduko herriak batzen gaituena izenburupeko programa antolatu du Busturialdeko Gizarte Zerbi-tzuen Mankomunitateak udarako. Kulturartekotasunean sentsibilizazio lana egitea du helburu ekimenak, eskualdeko 6-10 urte bitarteko umeei zuzenduta dago eta ludoteketan egin da, azken hamabi urteetan egin den moduan.
“Migrazioaren oka jolastuko dugu, betidatik pertsonak mugitu gara herri batetik bestera; abenduko ospakizunak kontinentez kontinente ezagutu ondoren ginkana bateko afrogak gaindituko ditugu; olinpiadak antolatuko ditugu; musika tresna unibertsalak sortuko ditugu material birziklatuarekin eta munduko jaiak nahastuko ditugu beste berriak sortzeko. Programaren helburu nagusia neska-mutilen gozamena da, jolastuz, haien begirada beste errealitate batzuetara zabalduz”, Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateko arduradunek jakinarazi dutenez. Eta herriz herri ibiliko da, egingo diren umeen kanpalekuetan eta eguneko osasun-neurri guztiak beteta. “Printzipioz, udalerri bakoitzean hiru orduko lau saio egingo dira, baina saioak, datak eta ordutegiak herri bakoitzaren antolaketaren arabera moldatuko ditugu. Lehen saioak Muxikan hasiko dira ekainaren amaieran gero, urtean zehar, beste herri batzuetara zabalduz. Izen-ematea udalerri bakoi-tzean egiten da”.
Azken urteetan arrakasta izan du programak. 2009tik eskualdeko udaleku eta ludoteken bitartez garatzen da kultur arteko sentsibilizaziorako programak, 4-12 urte bitarteko umeei zuzendutakoak, 223 haurrek (113 neska eta 110 mutil) hartu dute parte. Iazkoan, bestetik, koronabirusaren egoerak bertan behera utzi zuen.
Izan ere, Mankomunitateen datuen arabera, kulturartekotasuna iada errealitatea da Busturialdean. “Gure eskualdeko herri guztietan, izan ere, 71 herrialde ezberdinetako auzokidek osatzen dute gure biztanleriaren % 9,3a eta Gernika-Lumon %12a”.